Donostiako Musika Hamabostaldiko hainbat kontzerturen kritikak plazaratuko ditu Montserrat Auzmendik datozen egunetan ARGIA.com-en. Hauxe da lehehengoa: Hallé Orkestrak Sir Mark Elderren zuzendaritzapean hilaren 3an eta 4an Kursaal Auditorioan emandako kontzertuari buruzkoa.
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Hallé Orkestra. Zuzendaria: Sir Mark Elder. Donostiako Orfeoia. Zuzendaria: J. A. Sáinz Alfaro. Bakarlariak: Gary Hoffman (txeloa), Giselle Allen (sopranoa), Madeleine Shaw (mezzoa), Peter Berger (tenorea), Alexander Vinogradov (baxua), Darius Battiwalla (organoa). Egitaraua: Debussy, Elgar, Strauss, Dvorak eta Janaceck-en obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 3 eta 4a.
Azkar pasatzen dira urteak, bai. Ematen du orain dela gutxi esan geniola agur 72. Musika Hamabostaldiari, eta, berriz ere, maite dugun jaialdiaren edizio berri bat topatzen dugu.
Joan den ostiralean izan zen inaugurazioa. Urtero bezala, Donostiako hainbat lekutan izan ziren saio musikalak, baina, horien artean, azpimarragarriena, Kursaal Auditorioan izandakoa, ziklo sinfonikoaren hasierakoa hain zuzen ere.
Hallé Orkestra, Britainia Handiko orkestra sinfoniko zaharrena (1858. urtean sortu zen), esperientzia izugarriaren eredua izan zen, dudarik gabe. Ez genuen topatu bere soinu edo nortasunaren bila dabilen talde bat, baizik eta zein interpretazio mota nahi duen ondo dakien orkestra sendo-sendo bat. Bestalde, Sir Mark Elder-ek, taldearen zuzendari titularra 2000 urtetik aurrera, ondo daki zein diren orkestraren bertuteak eta ederki kanporatzen ditu.
Bi egun segidan izan dugu orkestra hau jaialdian, eta bietan zapore ona utzi du entzuleen artean. Inaugurazio saioan, Debussy leunarekin ireki zuten kontzertua. Konpositore honen jaiotzaren 150. urteurrena da, eta horrexegatik Hamabostaldi honen protagonista izango dugu egile frantziarra. Hallé Orkestrakoek “Images” obratik numero pare bat aukeratu zuten: Gigues eta Rondes de printemps. Taldearen soinu biribil eta fina luzitu zen lan honetan. Halere, oraindik txalotuagoa izan zen Edward Elgar-en ”Biolontxelorako Kontzertua, op. 85” obraren interpretazioa. Gary Hoffman txelojolea protagonista izanik, interpretazio taxuduna eman zuten britainiarrek. Teknika izugarria du Hoffman-ek eta musikalitate orekatua. Hau da, ez genuen sumatu adierazkortasun erakustaldi hunkigarririk, baina bakarlariak obraren irakurketa soila eta garbia egin zuen, dudarik gabe.
Taldearen sendotasuna (ze metal ederrak!) agerian geratu zen saioaren azken obrarekin. Richard Straussen Heroiaren bizitza bat poema sinfonikoa aitzakia paregabea izan zen orkestraren soinu-hedatze ederra erakusteko. Azpimarratu behar dira biolinaren solo zoragarriak (heroiaren neska-laguna) eta tutti jenialak. Nerbioduna da Elder zuzendaria, eta horixe transmititu zuen, nerbio eta energia, nahiz eta adierazkortasun eskasa izan, dena esan behar bada. Kontzertua amaitzeko, propina bat oparitu zuten, oso berezia: Eric Coates-en The three Elizabeths obraren pasarte bat. Lan honek, Britainia Handiko erreginaren 50. urteurrenerako egina, ez du interes musikal berezirik, baina zalapartatsua izan zen, hori bai.
Larunbateko saioan lan erraldoi pare bat oparitu zigun Hallé Orkestrak. Hainbat aldiz entzun dugun Dvorak-en Mundu berriaren sinfonia kemen bereziz interpretatu zuten. Metalak azpimarragarriak azaldu ziren berriz ere. Beharbada aniztasun dinamiko eta agogikoa faltan bota genituen, baina taldeak duen soinu distiratsuak freskotasuna eman zion interpretazioari. Hori bai, sinfoniaren bigarren mugimendua, ”Largo”-a agian arinegia izan zen, eta berez duen poesia lasaia desagertarazi egin zuten. Pena.
Interesgarria, oso, suertatu zen programaren azken obra. Hain gutxitan ematen den Leos Janaceck-en Meza glagolitikoa-k, musika liturgikoaren beste ikuspegi bat eman zigun, energiaduna, argitsua, espirituala bene-benetan, eta hori kontuan hartuta Janaceck ateo sinetsita zela. Donostiako Orfeoia puntu-puntuan egon zen uneoro. Bakarlari guztiak ere bai, batez ere Alexander Vinogradov baxua, ahots ederrekoa.