Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.
Gasteizko Letren Fakultatean egin dute astelehenean Higa inaugurazio ekitaldia. Bertan izan dira Oskar García de Bikuña Higako koordinatzailea, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Igone Zabala EHUko errektoreordea.Bosgarren edizioa du topaketak, eta munduko osoko hizkuntza komunitateen arteko sareak ehuntzea du helburu.
Jardueretan parte hartuko duten hizkuntza gutxituetako ordezkariak ondoan zituela, euren arteko elkarlana azpimarratu du Aldasorok: "Hizkuntza ezberdinek, herri ezberdinek, problema berdinei konponbide ezberdinak emateko balio dute". Euskarari dagokionez, Zabala errektoreordeak lanean jarraitzeko babesa eman die parte hartzaileei, "gako" baitira hizkuntza indartzeko, transmititzeko eta iraunarazteko.
2011n egin zen Higaren lehen edizioa, Gasteizko Udalak babestuta, eta geroztik topaketan parte hartu duten gazteen eta hizkuntza gutxituen kopurua hazi besterik ez da egin urtez urte. 2023an baino 100 parte hartze eskari gehiago jaso ditu Higak aurtengo edizioan, eta hamahiru hizkuntza gutxitu gehiago izango dira topaketan.
Higa, Linguapax sariaren irabazlea
Topaketaren nondik norakoak azaldu ondoren, nazioarteko sari bat jaso du Higak ekitaldian: hizkuntza gutxituen alde egiten duten ekintzak saritzen dituen International Linguapax elkartearena. Elkarte horretako lehendakari Monica Pereñak eman dio 2024. urteari dagokion oroigarria Beñat Garaio Higako sortzaileari.