argia.eus
INPRIMATU
Hasi da Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketa, manifestarien txistu artean
  • Bederatzi urteren ondororen, abiatu da Gipuzkoako Auzitegian epaiketa nagusia: hamazazpi emakumeren salaketak ditu oinarri, eta sexu-izaerako 32 delitu egozten dizkiote, haur pornografiari, iruzurrari eta modeloen osotasun moralari lotutakoak, besteak beste. Epaitegi aurrean elkarretaratzea egin dute justizia eskatzeko eta akusatzaileei elkartasuna adierazteko.

Leire Artola Arin 2022ko martxoaren 07a
Aurreko epaiketa batean egindako elkarretaratzea. / Argazkia: IƱaki Agirre, Irutxuloko Hitza.

Kote Cabezudo moda argazkilari donostiarraren aurkako lehen salaketa jarri zutenetik bederatzi urte igaro dira, eta orain abiatu da haren aurkako auzibide nagusia. Martxoaren 7an zen hastekoa, baina bertan behera utzi dute ordubeteren ostean; epaiketa egiteko baldintzak aurkeztu dituzte bi aldeek, eta horien gainean erabaki behar du epaileak. Besteak beste, defentsak hala eskatuta Cabezudok soilik fiskalaren galderei erantzungo die, ez akusazio partikularrarenei.

Bestalde, Mario Diez akusazio partikularraren abokatuak eskatu du akusatzaileen identitatea babesteko neurriak hartzeko; jakinarazi duenez, emakume askok oraindik ez dute erabaki epaitegian Cabezudoren aurrean egon nahi duten ala beste gela batean. Martxoaren 8an segiko du auzibideak, 9:30ean, eta bost aste iraungo duela aurreikusi dute. Fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatzen du; akusazio partikularrak, aldiz, 2.338 urtekoa. Harekin lan egin zuten hamazazpi emakumeren salaketak dituzte oinarri, eta modeloei sexu-izaerako 32 delitu egin izana leporatzen diote: sexu erasoak, haur pornografia eta iruzurra, besteren artean. Martuteneko kartzelan dago argazkilaria, behin-behineko espetxealdian, baina auzibidea maiatzaren 4a baino lehen ebatzi ezean, aske geratuko litzateke, lau urteko gehieneko espetxealdia agortuta.

Justizia nahi dute

Gipuzkoako Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformak eta Indarka argazkilariaren biktimen taldeak deituta. Atzeko atetik sartu dira Cabezudo eta haren defentsa, Naizek jakinarazi duenez, baina txistu artean hartu dituzte manifestariek. Justizia galdegin eta elkartasuna adierazi die emakumeei, eta gogorarazi dute salaketa jarri dutenak baino gehiago direla biktimak: “Cabezudo pertsona ezaguna izan zen 20 urtez. Aste hauetan hemen egongo diren 21 emakume ausartez gain, biktima askoz gehiago daude”.

Martxoaren 8a bertan dela probestuta, kexatu dira talde feminista gehienen eta instituzioen babes falta izan dutela Cabezudoren akusatzaileek.