argia.eus
INPRIMATU
Hasi da Francesc Homsen kontrako epaiketa A9ko kontsultagatik
  • Espainiako Auzitegi Gorena hasi da Francesc Homs epaitzen 2014ko azaroaren 9ko kontsulta independentista antolatzeagatik. PdeCATen Kongresuko bozeramailea Artur Masen aholkularia zen kontsulta egin zutenean. Otsailaren hasieran hasi zen Masen kontrako epaiketa, eta orain haren aholkularia epaituko dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 27a
Francesc Homs bere defentsaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoan. (Arg.: Pere Virgili/Ara)

Fiskaltzak leporatzen dio kontsulta antolatu izana, eta horrekin Auzitegi Konstituzionalak esandakoa desobeditzea; bederatzi urteko inhabilitazioa eskatu du. Masekin egin zuten antzera, jende ugarik lagundu du Homs epaitegiraino. PdeCAT, ANC, Ómnium eta ERCko ordezkariak, Generalitateko hainbat kontseilari eta Mas bera izan dira bertan. Presidente ohiak astearte arratsaldean deklaratuko du lekuko bezala.

Auzitegi Konstituzionalak 2014ko azaroaren 4an geldiarazi zuen kontsulta. Baina fiskaltzak dio Homsek kontsulta antolatzeko jarduerak egiten jarraitu zuela ondorengo egunetan. Aitzitik, defentsak dio Homsek ez zuela jaso Konstituzionalaren ohartarazpen jakinik, eta epaiaren ostean, kontsulta boluntarioek antolatzen jarraitu zutela.

Fiskaltzak erabiliko duen froga nagusia Homsek T-Systemsi bidalitako gutun bat da. Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzi ondoren, aholkulariak gutun bat bidali zion enpresari esanez denak berdin jarraitzen zuela aurrera.

Homsek esan du bere kontrako epaiketa politikoa dela. Prozesu herritar, demokratiko eta baketsu baten aurrean, erantzuna penala baldin bada, Espainiako Estatuaren amaiera dela erantsi du.