Hasi besterik ez

  • Eraldaketa pentsatu eta gauzatu nahi dugunontzat, funtsezko galderetako bat Oihana lagunak atzo whatsapp taldean botatakoa dela iruditzen zait: “PNVk non letxetatik ateratzen ditu botoak?”.

     


2016ko irailaren 26an - 15:59

Honezkero, jakinak ez ezik aztertu eta mamurtuak ditugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozen emaitzak: boto, jarleku eta ehunekoen kopuru eta heinak, orain 4 urte edo 3 hileko hautes jokabideekiko alderaketak, gobernu osaketarako eta gobernantza antolaketarako aritmetika erreal zein hipotetikoak… Are, gutxi-asko, erabakia dugu nor den irabazle eta nor galtzaile: alde batetik, norberaren begiradatik, eta, bestetik, hegemoniaren dorretik –hots, sineste zuzenaren, zentzu komunaren eta iritzi publiko hedatuaren talaiatik-.

Hain justu, pentsamendu nagusiaren dorre garai horretatik txertatu zaigun hauteskunde epe eta errentagarritasunen logika, eta horien araberako irabazte/galtzea, tresna kamutsak iruditzen zaizkit ardatz sozioekonomikoan bezala herri izatearen ardatzean egiazko eraldaketa nahi dugunontzat. Izan ditzakegu beste lanabes batzuk, esaterako azpimarratzea erabakitzeko eskubidearen aldeko dela nabarmenki Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoa, eta sentiberatasun zein nahikeria sozioekonomikoan ere Espainiatik bestelakoa dela Euskal Herriaren zati horretan adierazi dena. Azterketaren zoruak eramango gaitu leku batera edo bestera; galderek erantzun batzuetara edo besteetara.

Eraldaketa pentsatu eta gauzatu nahi dugunontzat, funtsezko galderetako bat Oihana lagunak atzo whatsapp taldean botatakoa dela iruditzen zait: “PNVk non letxetatik ateratzen ditu botoak?”. Edo beste era batera esanda, nola liteke ekainean Podemosera joandako boto andanak PPn ibilitako zenbaitzurekin batzea orain jeltzaleen zakuan? Edota aukera baliozkoena izatea gune euskaldun tresmileuristetan bezala eremu erdaldundu prekarizatuetan?

Boteprontoan eta whatsappeko formatu sententziosoan erantzun nion atzo Oihanaren galderari: “Gure sakoneko ideologiatik, emozio eta desiretatik”; alegia, hor duela Urkulluren EAJ eroso eta immobilistak botoen bazkalekua. Behin eta berriro errepasatu dut gaur galdera eta saiatu naiz erantzun detailatu eta zehatzagoen bila. Baina ondorio horretara iristen naiz behin eta berriz: gure sakoneko ideologiatik gainelikatzen dela EAJ, pentsamendu nagusiaren zirkuituetan izaera politikoa ezkutatu eta oinarri etiko-moralaren (edo okerrago berezko edo naturalaren) mozorroa jantzi zaien sineste eta balioetatik. Eta horien gainean eraikitako bizi espektatiba, emozio eta desiretatik. Aldaketarako beldurra da –edo beste era batera esanda segurtasuna beste edozeren gainetik hobestea– sakoneko ideología horren zutabeetako bat. Jakina, hori ez da batere harritzekoa bizimoduak ziurgabetu eta prekarizatzea izanik boteredunen egungo arma gogokoena. Naufragoak gara gau ilun eta itsaso zakarrean, bakoitzak bere oholari eusteko behar dituela indar guztiak.

Eta, noski, horri denari erantsi beharko genioke, esaterako, hegemoniaren nagusitasun mediatikoa, edota Espainiaren kontrastean EAJko agintariak kudeatzaile onak ez ezik, zintzoak, garbiak eta progresistak direla. Ez dira xehetasun hutsalak.

Nolanahi ere, herri zein eredu sozialaren gaineko ardatzetan egiazko eraldaketa nahi dugunok sakoneko ideologia horretan eragitea dugu ezinbesteko. Lan handi eta gaitza da, baina ezinbestekoa ez ezik, interesgarri eta ederra. Gatozen garai eta lekuetatik gatoz, bakoitza bere zaku eta zamarekin. Baina esango nuke, hasi garela garai berri promestu zitzaigun horren printzak ikusten; hasi zaizkigula politika eta herrigintzarako tresna eta irudi berriak marrazten. Are, atzoko emaitzak eta horietara iristeko eratu diren sare, lan-molde eta ereduetan badirela sakonean eragiteko zumeak. Gauza bat argi: hasi besterik ez garela egin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude