Milaka pertsona bildu ziren beste behin ere EAJren Alderdi Egunean, ohi moduan Forondako lautadan (Araba), Espainiako hauteskunde orokorren itzalean.
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak izan ziren buruzagi jeltzaleen hitzaldien ardatz. Espainiako Gobernua osatzeko Madrilen izan duten gaitasun eza gogor kritikatu zuten bai Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak eta baita Iñigo Urkullu lehendakariak ere.
Hauteskunde kanpainaren oihartzuna nagusi zen giroan eta Madrilgo ezgaitasunen aurka jo ondoren, Ortuzarrek politika aldarrikatu zuen, EAJk hori egiten badakiela eta horrexegatik jeltzaleei botoa eskatuz: “Abstentzioak gauzak gaizki egiten dituztenei egiten die mesede, Madrilen beti agindu dutenei”. Eta haserrea bideratzera deitu zuen: “Haserre abertzalea boto abertzalea bihurtu behar da”.
Iñigo Urkulluk euskal gizartearen egoera onari egin zion erreferentzia bere hitzaldian, ekonomian, zerbitzu publikoetan edo enpleguan EAJk egiten duen politika azpimarratuz. Gobernuarekin lotu zuen jeltzaleen lana, eta gobernu ezarekin eta ezegonkortasunarekin lotu zituen Madrilgo instituzioak. Gernikako Estatutua onartu eta 40 urtera oraindik eskumen guztiak transferitu ez izana ere salatu zuen. Hala ere, hartutako bide hura egokia izan zela zehaztu zuen.
Gilles Simeoni Korsikako gobernu autonomoko lehendakaria izan zen gonbidatuen artean. Han ziren, halaber, Juan Carlos Latorre Amerikako kristau demokraziaren lehendakaria, PDeCATeko lehendakari David Bonvehi edo Ramón Espadaler kristaudemokrata katalana.