LAB

Hartzekodunen lehiaketetan "parte hartze aktiboa" izateko eskatu die LABek erakundeei

  • Eusko Jaurlaritzak larri dauden enpresei begirako Plan Industriala plazaratuko du gaur, asteartea; eta LAB sindikatuak 24 ordu lehenago aurkeztu du prentsaurrean Lakuaren planaren oinarri beharko lukeen dekalogoa.


2017ko uztailaren 18an - 09:43
LAB sindikatuak "benetako" industria plana osatzeko hamar puntu proposatu ditu (arg.: LAB sindikatua).

Lehentasuna gaur egun "ehunka langileren etorkizuna" dela adierazi du Jonan Goñi LAB sindikatuko industria ataleko arduradunak, egoera larrian dauden CEL, Ingemar, CNA Edesa, Xey, Bosch, Vicrila eta beste hainbat enpresatako ordezkariekin Bilbon emandako prentsaurrekoan. Hartzekodunen lehiaketan dauden enpresen prozesuetan "aktiboki parte hartzeko" eskatu die instituzioei, eta "finantzaketa publikoaz bideragarritasun plan alternatiboak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko".

Dekalogoaren aurkezpenean hamar neurri azpimarratu ditu sindikatuko ordezkariak. Industria plan bat osatzeko benetako eztabaida baten beharra aipatu du, kanpoko kapitala sartzea aipatu du Goñik eta, azaldu duenez, "ezin zaio kanpoko kapitalari edozein preziotan bultzada eman". Horrez gain, I+G gastua Europakoaren pare jartzeko eskatu du, %3an. Laguntza publikoa aipatu du ordezkariak behin eta berriro, "sektore estrategikoetan bultzada publikoa beharrezkoa" dela, eta "sektore publiko indartsua bermatu" behar dela. Kutxabank ere aipatu du, eta esan du entitateak ekarpen handiagoa egitea nahi duela finantzaketa tresna moduan.

Eusko Legebiltzarrean ere eztabaida

EH Bilduk Diputazio Iraunkorra eskatu du afera aztertzeko, baina EAJren eta PSEren ezezkoekin ez du aurrera egin proposamenak. Era berean, EAJk eta PSEk adierazpen instituzional bat onartu nahi izan zuten Legebiltzarrean enpresa horien egoeraz kezkatuta daudela azaltzeko, eta EAJk esan du EH Bilduk ekidin duela hori, "hipokrisiaz".

Eusko Jaurlaritzak gaur egingo du publiko egoera larrian dauden enpresei begira egindako Industria Plana.

LAB sindikatuak "benetako" industria plan bat osatzeko proposatutako hamar puntuak:

1. Industria Plan bat osatzeko benetako eztabaida egitea euskal industriarentzat iparrorratza markatzeko: sektore estrategikoen definizioa, industriaren trantsiziorako plana egingo duena: berritu edo ordezkatu beharko diren jarduera produktiboen ordezkapen plan progresiboa aurreikusiko duena eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egingo duena, lanaren banaketarekin batera.

Etorkizuneko industria aurreratua bultzatuko duena teknologikoki, sozialki eta lan eskubideei dagokionean. 

2. Euskal Industria ez dago salgai! Deslokalizazioen kontrako plana.

Edozein preziotan kanpoko kapitalaren etorrerari bultzada emateari utzi behar zaio. Kanpoko kapitalaren etorrerari instituzioen babesa emateko, enplegu, lan baldintza eta lurraldearekiko konpromisoak exijitu. 

Salmenta prozesuetan lurraldearekiko konpromisoak eskaini ezean babes instituzionala kentzea eta oztopatzea.

3. Ikerkuntza eta Garapen gastua Europan helburu den %3ra parekatu.

Teknologia maila ertain-txikia du industriak nagusiki. Ikerkuntza eta Garapenean Europako batez bestekotik behera gaude. Azken hiru urteetan Ikerkuntza eta Garapeneko gastua beherantz doa etengabe. Era progresiboan Barne Produktu Gordinaren %3ko kopurura iristea proposatzen dugu, enpresak aktiboki bultzatuz inbertitzera, bereziki atzean gelditzeko arriskua duten eta gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainen kasuan. 

4.Bultzada publikoa sektore estrategikoetan: merkatuari bere baitan funtzionatzen utzi beharrean, sektore publiko indartsua eraiki: 

Enpresetan SPRIren bidez partaidetza zuzenak areagotuz. Partaidetza hori jarraipen, bultzada eta kontrolerako baliatu. 

Kutxabanki banka publikoaren izaera eman, finantziaketarako tresna izan dadin, bereziki gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainak finantziatzeko Alemania edo Suitzan egiten den moduan. 

5. Enpresa itxieren kontrako babes neurriak. 

Finantziazio publikoaz enpresen bideragarritasun plan alternatiboak finantzatu. 

Lege konkurtsalean, instituzio publikoen parte-hartze aktiboa hartzekodunen moduan, etorkizuneko planak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko, eta ez lehenetsi zorra kobratzeko besterik gabe. 

Lan erreformari aurre egiteko kontrakotasun teknikorako baliabideak eskaintzea. Multinazionalen kasuan enpresen arteko eragiketen inspekzioa.

6. Belaunaldien arteko jakintza transmisiorako errelebu-kontratuaren bultzada industriaren erronka nagusietako bat da. Horren aurrean, baliabide eraginkorrena den errelebu-kontratuaren berreskurapena, lan erreformak ia desagerrarazi duena. Finantziazio publikoz erreformaren eragina neutralizatu.

7. Enpresen demokratizazioa-Enpresa eredu berritzaileen bultzada: langileen parte hartzea bultzatuko dutenak, ez finantziatzeko helburu hutsarekin, eskubide batzuk bermatuz:

Kanpo auditoretzak egiteko eskuduntza 100 langiletik gorako enpresetan edo frogagarriak diren arazo egoeran dauden enpresetan.

Jakintza, patente, produkzio deskapitalizazio saiakeretan erabaki eta kontrol neurriak.

8. Aberastasunaren banaketa eta gizarte ongizatea bultzatzeko negoziazio kolektiborako eskubidearen bermea, lan munduaren prekarizazioa eta kostuetan lehiatzea ekidinez. Balio erantsia, inbertsioa eta barne eskaera bultzatuz.

9. Hezkuntzan sortzen den ezagutza ez galtzeko neurriak: Gazteentzat lan merkaturatze duina bermatzeko plan baten bidez:

Kontratazio berrien diskriminazioari zigorrak. 

Aldibaterakotasunaren mugapena edozein laguntzaren onuradun izateko. Horrek lan istripuen beherakada ekarriko luke, kontuan izanda lan istripuen %30 laneko lehen urtean gelditzen direla.

Praktiketan ematen den iruzurraren aurrean ikuskariak ezartzea proposatzen dugu.

10. Industrian emakumeen ekarpena bermatzeko plana: diskriminazio positiboko politikak ezarri. Industriako langileen %19 da soilik emakumezkoa. Aukera berdintasuna eskubidea izateaz gain, ezagutzan lehiatu behako lukeen duen industriak beharrezkoa du emakumeen jakintza baliatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LAB
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Jaime Iribarren (LAB)
"Zapia buruan eramateagatik diskriminatu egiten dituzte lantokietan"

Elkarretaratzea egin dute Iruñean asteazkenean SOS Arrazakeria taldeak eta LAB sindikatuak salatzeko zapia buruan erabiltzen duten zenbait emakumeri "mehatxuak" eta "irainak" eragin dizkietela euren lanpostutan. "Ohikoa" den diskriminazioa... [+]


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Osakidetzan zortzi milioi euro “irregularki” eta “legez kontra” esleitu izana salatu du LABek

LABek Osakidetzako kontratuen zatikatze irregularra detektatu du. 381 kontratu txiki aurkitu ditu 2022an, zortzi milioi euro baino gehixeagokoak. Herri Kontuen Euskal Epaitegiari prozeduraren berri emango dio.


Eguneraketa berriak daude