Azkenaldian liburu batekin gozatzen aritu naiz. Oso denbora laburrean bi aldiz irakurri dut; lehendabizikoan gozamen hutsez eta bigarrengoan arkatza eskuan. Rodrigo Villalobos arkeologo espainolaren Hoces de piedra, martillos de bronce lanak historiaurreko gizartea arakatzea du helburu, Friedrich Engelsek bere buruari behinola egin zizkion galdera berberak erantzuteko. Historiaurrean ba al zen klase borrokarik? Noiz sortu ziren ezberdintasun sozialak eta jabetza pribatua? Existitu ote zen inoiz “jatorrizko komunismorik”? Noiz hasi ziren gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak?
Ondorioa ez da argia, eta sinplifikazioetatik ihes egin behar da. Historiaurreko gizarteak ez ziren Edengo lorategi baketsua, ezta gizaki basati eta ezjakinen kaosa ere; ez Rousseauren “basati zintzoa”, ezta Hobbesen “gizona gizonarentzat otso” ere. Gizarte aurre-estatalak aski konplexuak izan ziren eta askotariko ereduak aurkitu zitezkeen garai eta latitude ezberdinetan; berdinzaleak nahiz estratifikatuak, patriarkalak nahiz genero bereizkeriarik gabekoak, baketsuak nahiz gerlariak.
Ohitura dago pentsatzeko gizarte aurre-estatal horien garapena modu teleologikoan gertatu zela; hau da, joan zirela sinpleenetik konplexuenera, ekonomia estentsibotik intentsibora, eta ondorioz, berdinzaleetatik mailakatuenera. Baina gizarte berdinzaleak ez dira beti abiapuntua, eta gizarte mailakatuak ez dira nahitaez helmuga, izan ere, zantzu berdinzaleak zeuzkaten Metalen Aroko aztarnategiak ere aurkitu omen dituzte. Oro har, ikertzaileek ondorioztatu dute gizarte berdinzaleek aberastasuna behar baino gehiago ez metatzeko mekanismo kulturalak zituztela, mailakatze sozialen sorrera oztopatzen zutenak: esate baterako, harropuzkeria edo handinahiaren aurkako zurrumurruak, meritukraziaren aurkako iritzia edo ekoizpen-soberakina birbanatzeko helburua zuten oturuntza eta opari erritualak.
Liburuan egileak azaltzen du, halaber, Estatuaren sorrera ia beti lotzen dela elite aristokratiko baten eta jabetza pribatuaren sorrerarekin. Historiaurreko kultura ezberdinetan frogatu ahal izan da ekonomia intentsifikatu eta mozkin ekonomikoa ugaritu ahala bi klase sortu zirela: lan-fisikoa egiten zuen gehiengoa eta lanik egiten ez zuen gutxiengo aristokratikoa. Aristokrazia hori mozkina tributuen bidez bereganatzen hasi bide zen, eta eskuratutako baliabide horiek erabiltzen zituen bere estatusa markatzeko eta mantentzeko. Hala nola, horren bidez finantzatzen zituzten luxuzko jantzi edo apaingarriak, ordena soziala justifikatzen zuten erritu eta sinesmen kolektiboak (tenpluak, jainkoei eskaintzak, hilobiratzeak …) eta tributua jasotzeaz eta erresistentziak zapaltzeaz arduratzen ziren indar armatu espezializatuak. Hala sortu zen bide zen Estatua, aristokrazia horren mesedetara. Era berean, ikerketek diote zenbat eta mailakatze sozial handiagoa izan orduan eta genero ezberdintasun handiagoa izaten ohi zela gehienetan; korrelazio hori beti-beti automatikoa ez den arren.
Villalobosen liburua saiatzen da frogatzen aztarna materialen eta etnografiaren bidez, frogatu daitekeela Estatuaren edo gizon-emakumeen arteko ezberdintasunak nola sortu ziren eta ondorio horietara iristeko prozesu guztia nolakoa izan den azaltzen du. Horrexegatik, metodo arkeologiko eta historikoari buruzko sintesi bikaina da, eztabaida zientifikoak oso era ulerterrazean azaltzen baititu, eta hori ez da batere ohikoa akademikoon artean.