argia.eus
INPRIMATU
Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk
  • Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 01
Alexander Muela eta Jon García | Argazkia: Nagore Iraola eta Mitxi. UPV/EHU. Alexander Muela eta Jon García | Argazkia: Nagore Iraola eta Mitxi. UPV/EHU.

Munduko Osasun Erakundearen arabera nerabe eta gazteen suizidioa mundu mailako arazo publikoa da eta 15-29 urte bitarteko gazteen heriotza ez-naturalaren kausa nagusia da. EHUko ikertzaile batzuk Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 25 harrera-etxeetako nerabeekin suizidioaren inguruan mintzatu dira. Ikerketaren arabera, gazteen %26,5a bere buruaz beste egiten saiatu da. 

Harrera-egoitzetan bizi diren nerabeek suizidio-portaerak izateko arrisku-faktore “gehiago” dituzte; hala nola haurtzaroko bizipen traumatikoengatik eta autoestimu “baxuarengatik”. Horregatik, ondorioztatu dute “premiazkoa” dela gazte horiekin lan egiteko estrategiak eta baliabideak garatzea. Psikologian doktorea den Alexander Muelak nabarmendu du “oso gutxi” ikertu dela: “Orain arte oso datu gutxi genituenez, ikerketa berritzailea egin dugu, eta emaitzek argi uzten dute prebentzio-lanak egiteko behar handia dagoela eta profesionalek prestakuntza gehiago behar dutela”. 

Hezkuntza emozionalaren premia

Guztira, 185 neraberen jokabidea aztertu dute, eta gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu da, herenak pentsatu izan du eta erdiak bere buruaz beste egiteko asmorik gabeko autolesioak egin ditu. Horien %92k dio emozioak erregulatzeko egiten dutela. “Hezkuntza emozionala landu beharra dago eta emozioak erregulatzeko estrategiak eta baliabideak eman behar dizkiegu gazteei”, esan du Muelak. 

Horrez gain, laguntza eskatzeko baliabideak eta espazioak ere eskaini behar zaizkie; izan ere %37,6k bakarrik eskatu du laguntza, eta erdiak baino gehiagok sentitzen du ezin duela inorengana jo laguntza esker. 

Langileak trebatu beharra

Gazteekin hitz egiteaz gain, langileen iritzia ere jaso dute. 225 langileri galdetu diete ea euren burua prest ikusten duten gazteen portaera suizidak identifikatzeko eta horien aurrean modu egokian erantzuteko. Gehienek, “baxua” dutela esan dute, eta soilik, %22,8k nahiko ezagutza edo ezagutza-maila altua duela: “Ez dute prebentziorako formaziorik; haien erantzun nagusia izaten da larrialdi kasuetan osasun-etxeetara jotzea. Ezin dugu dena osasun sistemaren gain utzi”. Hau da, ez dakite zeintzuk diren alarma seinaleak nola hitz egin eta zer eta nola galdetu gazteei. Horregatik, uste dute lehen urratsa langileak trebatzea dela.