argia.eus
INPRIMATU
Hara, Twitter ere bere esku du Elon Muskek
  • Zazpi hilabetez iraundako negoziaketen ondotik, 44.000 milioi eurotan erosi du 229 milioi erabiltzaile dauzkan sare soziala. Munduko gizon aberatsena da Elon Musk, 219.000 milioi dolarreko aberastasuna daukala.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urriaren 28a
Elon Musk, Twitter 44.000 milioi eurotan erosi duena

219.000 milioi dolarreko aberastasuna daukanaren esku bihurtu da Twitter. Zazpi hilabetez iraundako negoziaketen ondotik, 44.000 milioi eurotan erosi du urriaren 27 honetan. Apirilean adostu zuten administrazio kontseiluaren eta Musken arteko salerosketa, baina azkenean, atzera egin nahian zebilen bilioiduna. Mezuz aldatu eta urrian berriro erosketa borobiltzeko asmoa plazaratzen ariturik, gau honetan eman du azken hitza: "Chief Twit" [Txioen Chef-a] jarri du bere profilean. Bi aldeen arteko hitzarmenaren baliogabetzearen bezperan bideratu du azken urratsa.

Nola ez, Twitterren ere zabaldu du albistea, txio bidez: “The bird is freed” [txoria aske da]. Gaur egun, 229 milioi erabiltzaile dauzka sare sozialak.

Ezadostasunak izan dira nagusi bi aldeen artean azken zazpi hilabeteetan. Uztailean auzitegira eraman zuen afera Twitterreko administrazio kontseiluak, hitzarmenean zehazturiko betebeharrak ez betetzea eta sare sozialaren fama zikintzea leporatzen ziotelako.

Garbiketa enpresa barruan

Erosketa bideratu bezain laster kanporatu ditu zuzendari nagusi Parag Agrawal, finantza zuzendari Ned Segal eta arlo juridikoaz arduratzen zen Vijaya Gadde. Kanporaketa horien berri eman dute CNBC eta Washington Post komunikabideek. Oraindik ezer ez bada gauzaturik ere, iturri horiek diote enpresako 75.000 langileen %75 kanporatzeko asmoa daukala Muskek.

Adierazpen askatasunaren alde mintzo da munduko gizon aberatsena: "Twitter mundu osoko adierazpen askatasunaren plataforma" bihurtzeko xedea dauka. "Zibilizazioaren geroa" bermatzeko eta "gizateria laguntzeko" asmoz bideratu du komunikazio kanal horren jabetza lortzeko prozedura.

Astronautikan eta espazioan berezituriko SpaceX, autogintzan dabilen Tesla, adimen artifizialean berezituriko Neuralink eta OpenIA, energiaren arloa berrantolatu nahian dabilen Powerwall… horiek dira, besteak beste, Muskek kontrolaturiko enpresak. Neurrigabekoa da bere aberastasuna, eta neurrigabekoa bere handinahia.