Handikien osteguna Erresuma Batuan

Enpresa handietako zuzendariek jada irabazi dute langileen urte osoko soldata

  • Urte berria hasi denetik lau egun besterik ez dira pasa, baina dagoeneko Erresuma Batuko ehun enpresa handienetako nagusiek irabazi dute, batez beste, herrialdeko langileen urte osoko soldata adina. Egoera salatzeko "handikien eguna" izendatu dute ostegun hau.

ARGIA @argia
2018ko urtarrilaren 04a
Martin Sorrell da argazkiko enpresa-gizona, ikerketaren arabera Erresuma Batuan soldata onena daukan enpresa zuzendaria (argazkia: Eirik Solheim / CC-by-sa).

Bi ikerketa-zentrok eman dute datua –High Pay Centre eta Chartered Institute of Personnel and Developement (CIPD)– eta izen deigarria jarri diote nagusien irabaziek langileen soldata osoaren langa gainditu duten ostegun honi: “Fat Cat Thursday” (“Handikien osteguna” itzuliko litzateke euskaraz).

L’Express astekari frantziarrak argitaratu duen AFPren informazioaren arabera, Londresko burtsako FTSE-100 indizean kotizatzen duten ehun enpresetako zuzendari nagusiek ostegun honetarako poltsikoratu dituzte 28.758 libera esterlina (32.328 euro), hau da, egun osoko lanpostua daukan langile britainiar batek batez beste 2017 osoan irabazi zuena adina.

Argitaratutako datuen arabera, Erresuma Batuko enpresa handietako zuzendarien soldatak 120 aldiz handiagoak dira langile arruntenak baino.

“Gogoeta egin behar dugu agintariek nola eta zergatik irabazten duten horrenbeste, kontuan hartuz errendimendu-adierazle orekatuagoak eta ez bakarrik finantza-adierazleak”, adierazi du CIPDko zuzendari Peter Cheesek.

Erresuma Batuko Gobernuak abian du erreforma bat, zeinari esker enpresa handiek publiko egin beharko dituzten langile guztien soldata-taulak. Neurri hori, datozen hilabeteetan parlamentu britainiarrean eztabaidatua izango dena, ontzat jo dute txostena landu duten bi zentroek.


Errentaren banaketa kanaletik interesatuko zaizu...
2016an baino %11,37 lagun gehiagok jaso dute Bermatutako Errenta Nafarroan

2017an denera 35.500 pertsonak hartu dute. Horietako ia 12.800 adingabeak dira. Errenta Bermatuak 1.239 lanpostu sortzea eragin zuen, eta 15,3 milioi itzuli ziren zergatan Foru Ogasunera.


Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata
Letra txikiaren zepoan harrapatuta

Joan den larunbatean, hilak 20, Bergarako laugarren instrukzio-epaitegian deklaratu behar zuen Jesus Mari Txurrukak. Bere aitonaren anaia Hanburgoko kontzentrazio zelai batean hil zen 1945ean, eta birramona berriz, faxistek hil zuten bederatzi urte lehenago, Elgetako haren baserrian hotz-hotzean tirokaturik. Baina ez du deklaratuko. Ez berak ezta urtarrilean zehar epaitegitik igaro behar zuten frankismoko biktimen beste 13 senideek ere.


Bila datozenean

Honako esaldi honekin –“naziak komunisten bila etorri zirenean, isilik geratu nintzen, ni ez bainintzen komunista”– hasten den diskurtsoak egin zuen ezagun honako beste hau: “Sindikalisten bila etorri zirenean, ez nuen protesta egin, ni ez bainintzen sindikalista”. Bertolt Brecht olerkari alemaniarrari egokitu izan zaizkio sarri hitzok, baina Martin Niemöller teologo protestanteari zor dizkiogu: “Nire bila etorri zirenean, ez zen inor geratzen... [+]


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude