Suitzatik ere ez da ikusten, baina ez da berdina. Boliviak galdu egin zuen itsasorako irteera Pazifikoko Gerran, Txilek kendu zion, lehendik gutxi zeukala-eta. Eta galdutakoa beti sentitzen da are norberago. Hankamotza ere falta duen zangoarekin oroitzen da beti. Eta Bolivia hankamotz gelditu zen gerran.
Denek landatuko zuten zuhaitzen bat, eta haurren bat ere ia denek ekarriko zuten mundura. Baina Bolivian liburua idaztera iritsi denak ere ez du itsasorik ikusi. Badirudi, lapurtu ez ezik, bistatik kendu ere egin zietela. Pentsa, hiriburu administratiboa ere, La Paz, itsas mailatik 3500 metrora dago. Urruti badaezpada, murgilaldia egiteko tentaziorik izan ez dezan.
“Nolakoa da itsasoa?” galdetu zidan La Pazeko aitona batek. Eta itsaso erdian noraezean galduta dagoen marinela sentitu nintzen, hitzen zabaltasunean preso. Gainera, ezagutzen nuen ikasleei itsasoa deskribatzeko agindu zien Baigorriko andereñoaren paradoxa. Idazlanik politena Bankako mutiko batek osatu zion, sekula itsasorik ikusi ez zuen bakarrak. Beraz, ez nintzen olatu handirik hartzera ausartu, eta mareen gorabehera esplikatu nion. Ilargiak ibiltzen duela itsasoa, orain gora, orain behera. “Joño –egin zuen begi keinua- orduan laster etorriko da berriz hona gora”.
Baina ez dira boliviarrak hain analfabetoak itsaso kontutan. Marina ere badute, eta Titikaka lakuan egiten ditu bere entrenamenduak. Baina marina gutxitxo, eta Bolivia izango da herri bakarra, itsasorik izan ez, eta itsasoko ministroa edukitzera iritsi zena. Hego Amerikako herrien arteko topaketa batean, Argentinako ordezkariak adarra jo nahi izan zion Boliviakoari: “aizu, nola uler liteke, zuek, itsasorik eduki ez, eta itsasoko ministroa edukitzea?”. Baina boliviarra, abila: “aizu, zailagoa da ulertzen zuek nola daukazuen justizia ministroa!”