argia.eus
INPRIMATU
Hamasek su etena iragarri du, Israelek ere hala egiteko baldintzarekin
  • Azken orduetan izan dituzten elkarrizketen ondorioz hartu dute erabakia, eta Khalil al Haya Hamaseko bigarrenak iragarri du komunikatu batean.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 30
Palestinar talde bat Gazako mugatik gertu, maiatzaren 14an ( Mohammed Zaanoun / ActiveStills)

Asteazkenean jakinarazi du Hamasek su etena egiteko erabakia, azpimarratuz okupatzaileek beste hainbeste egiten duen bitartean mantenduko dutela. Egiptok bitartekari lanak egin dituen elkarrizketen ondorioz hartutako erabakia da, nahiz eta elkarrizketetan Israelek parte hartu ez.

“Hamasen esku dago dena”, izan da Israelek bere Informazio ministro Israel Katzen bidez erantzun duena. Eta gehitu du miliziek koheteak jaurtitzen jarraitzen badute erantzuna “are gogorragoa” izango dela.

Martxoaren 30ean palestinar errefuxiatuen etxera itzultzeko eskubidea aldarrikatzen duen Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik, Israelgo Armadak ehundik gora palestinar hil ditu, eta tarte horretan israeldarrik ez da hil.

Soilik maiatzaren 14an, Israelgo estatua sortu izanaren 70. urteurrenarekin bat eginez Jerusalemen Israelgo AEBen enbaxada berria inauguratu zuten egunean, 60 palestinar hil eta beste 2.400dik gora zauritu eragin zituen sarraskia egin zuen Israelgo Armadak Gazan. Tel Aviven jarrerak nazioartean eragindako kritikak asko izan dira, eta Nazio Batuen Erakundeak gerra krimenak egitea egotzi dio.