argia.eus
INPRIMATU
Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere
  • Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die handik alde egin dezaten. Hamaseko adar armatua diren Al-Qassam Brigadek adierazi dute "aurrekaririk gabeko" erasoa egin dietela soldadu israeldarrei, zerrenda hegoaldeko Khan Yunis hirian. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 21
Israelgo Armada Gazan Getty Images

Israel Gazako palestinarren aurka egiten ari den genozidioak gutxienez 62.000 lagunen heriotza eragin duen bitartean, aurrera doaz su-eten akordio batera iristeko negoziazioak. Hamasek astelehenean argitaratutako ohar batean jakinarazi zuen Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek –AEBekin batera negoziazioak bultzatzen ari diren bi herrialdeak– eginiko azken proposamena onartu zuela. Al Jazeera hedabidearen arabera, menia akordio horrek barne hartuko luke 60 eguneko su-etena, zeinetan Israelgo armadak baimenduko lukeen zerrendara laguntza humanitarioa sartzea.

Horrez gain, Hamasek bahituta dituen 50 israeldarrak –horietatik 20 inguru bizirik leudeke– euren etxeetara itzuliko lirateke akordioaren ondorioz. Hain zuzen, milaka lagunek Tel Aviveko kaleak hartu zituzten asteburuan, Israelgo Segurtasun Kontseiluak duela bi aste onartu zuen Gaza hiria osorik okupatzeko planaz kezkatuta, zerrendan Hamasek atxilotuta dituen israeldarren egoera are larriagoa egingo duelakoan. Gaza hirian bizi diren palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman badie ere handik alde egin dezaten, Israelgo armadako bozeramaile Effie Defrinek asteazkenean jakinarazi du jada hiria inguratuta daukatela.

Gaza hiria osorik okupatzeko, Israelgo armadak erreserbako 60.000 kide deitu ditu; hurrengo bi asteetan aurkeztu beharko dira eta, horrela, denera 130.000 israeldar arituko dira zuzenean parte hartzen palestinarren aurkako genozidioan. Gainera, Israelgo armadak Gaza hirian bizi diren milioi bat palestinarrei zerrenda hegoaldera lekualdatzeko eskatu die, bertan GHF Gazako Fundazio Humanitarioa erakundeak laguntza banatzeko zentro gehiago ezarriko dituela zin egin baitie. Erakunde horrek maiatzaren hasieran ekin zion laguntza humanitarioa banatzeari, eta geroztik soldadu israeldarrek gutxienez 2.000 lagun hil dituzte euren zentroetan, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. 

"Aurrekaririk gabeko" erasoa egin du Palestinako erresistentziak

Gaza osoa kontzentrazio esparru ireki bihurtu badute ere, Palestinako erresistentzia armatuak Israelgo armadari aurre egiten jarraitzen du: asteazkenean zabaldutako ohar batean, Hamasen adar armatua osatzen duten Al-Qassam brigadek jakinarazi dute "aurrekaririk gabeko" erasoa egin diotela "etsaiari". Hain zuzen, Anadolu berri agentziaren arabera, Gaza hegoaldeko Khan Yunis hirian hainbat miliziano palestinarrek, lur azpiko tunel bat zeharkatuta, Israelgo armadak duen postu bati eraso egin die. Erakunde palestinarrak dio erasoan zenbait soldadu israeldar "ezabatu" eta zauritu dituztela.

Israelgo armadaren irratiak, berriz, jakinarazi du Palestinako erresistentziak eginiko eraso horretan soldadu sionistek zortzi eta hamar miliziano artean hil dituztela, eta beste hainbestek amore eman dutela.