argia.eus
INPRIMATU
Hamas eta Israel astelehenean bilduko dira Trumpek proposatutako plana eztabaidatzeko
  • Ordezkariak Egiptoko Sharm el-Sheikh hirian bilduko dira, Sinai penintsulan, Trumpen lehen fasearen "mekanismoak eta xehetasunak" aztertzeko. Bien bitartean, bonbardaketek hildakoen kopurua handitzen jarraitzen dute; azken 24 orduetan beste 65 palestinar hil ditu Israelek, 2023ko urriaren 7tik gutxienez 67.100 dira jada.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 06a
Gaza, Israelen eraso baten ostean

Astelehen honetan bilduko dira Egiptoko lurretan Hamaseko eta Israelgo ordezkariak, Donald Trump AEBko presidenteak diseinatutako planaren hogei puntuak eztabaidatzeko. Benjamin Netanyahuk bidaliko duen ordezkaritza Ron Dermenek zuzentzen du, Israelgo Gai Estrategikoetako ministroak. Hamas taldeko negoziatzaileen burua, berriz, Khalil al-Hayya da. Irailaren 9an Qatarren Israel bera hiltzen saiatu zenetik –Dohako erasotik Hamaseko liderrak onik irten baziren ere, sei hildako izan ziren– herrialdetik irteten den lehen aldia da. Horiez gain, datozen orduetan iritsiko dira beste herrialdeetako bitartekariak; besteak beste, Steve Witkoff AEBko ordezkari berezia eta Egiptoko eta Qatarreko goi negoziatzaileak. 

Orain.eus atariak jakinarazi duenez, Israelgo ordezkaritzak Gazatik tropak erretiratzeko lehen fasearen planteamendua aurkeztuko die bitartekariei. Horrek preso israeldarren eta palestinarren trukaketaren xehetasunak negoziatzeko bidea ireki lezake. Bere aldetik, Hamasek bahitu guztiak askatzea onartu badu ere, trukea egiteko baldintzak sortzea eskatu du. Horrekin batera, planaren beste puntu batzuk ere negoziatzeko beharra adierazi du. 

Desadostasunen artean dira Israelgo tropen erretiratze epea –planak ez du epe zehatzik adierazten– edo etorkizunean herrialdearen gobernuan izango duten presentzia. AEBren planak Israelen erretiratzea argi eta garbi ezartzen badu ere, Israelgo Defentsa ministroak aipatu du Israelek zerrendaren kontrola izaten jarraituko duela. "Hamas desarmatua izango da, Gazako Zerrenda desmilitarizatua izango da eta [Israelgo armada] kontrol eremuetan egongo da komunitateak babesteko", esan zuen. Planak, kasurik onenean eta prozesuaren amaieran, Israelen mende dagoen zerrenda proposatzen du, bere mugen eta aireko zein itsasoko espazioaren kontrolaren bidez. Gainera, ez ditu beste lurralde palestinarrak aipatzen –ez Jerusalem ekialdea, ez Zisjordania–, eta horrek Palestinako gainerako lurraldeetatik isolatzen du Gazaren etorkizuna. Horrenbestez, planak ez du Palestinako Estatua sortzeko inongo bermerik ematen.

Bileraren atarian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi utzi du Hamasek plana “osorik” onartzea bakarrik onartuko duela, eta ez "partzialki". Gainera, mehatxu egin du: “Espero dezagun bide onetik amaitu ahal izatea, eta ez txarretik (...) ez elikatu krokodiloa, zuen bila etorriko baita". Ildo beretik, Trumpek adierazi du Gazako Zerrendaren kontrola emateari uko egiten badio Hamasek "erabateko suntsipenari" aurre egi beharko diola, modu honetan ardura talde palestinarraren gainean jarriz: “Hamasek azkar jardun behar du; gainontzean, guztia bertan behera geratuko da. Ez dut atzerapenik onartuko”. 

Bonbardaketek ez dute etenik

Talde islamistak bahituak askatzeko prest zegoela adierazi ostean, bonbardaketak geldiarazteko agindu zion Trumpek Tel Avivi, baina ez du jaramonik egin. Bien bitartean, Israelen bonbardaketek hildakoen kopurua handitzen jarraitzen dute; gutxienez 67.100 dira jada, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Azken 24 orduetan beste 65 pertsona hil eta 153 zauritu dituztela jakinarazi dute Gazako agintariek. Biktimen artean lau asilo-eskatzaile zeuden. Tiroak jaso dituzte Rafah iparraldean dagoen laguntza banatzeko zentro batetik gertu, Nasser Konplexu Medikoak esan duenez.