Lau urteko liskarren ostean, Hamasek eta Al Fatahk akordioa lortu dute eta datorren urteko maiatzean Palestinan hauteskundeak egingo direla iragarri dute, modu horretan, Palestinaren batasun nazionala bideratzeko oinarriak eta epeak jarriz. Jaled Meshal Hamaseko buruak eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) buruak eman zuten albistearen berri.
Hauteskundeak egiteko herritarren artean dagoen "giro ona" azpimarratu nahi izan zuten eta euren arteko ezberdintasunak gaindituz, "kide moduan" lan egingo dutela aurreratu zuten. Hauteskundeak egin bitartean, gainera, batasun nazionaleko gobernu bat osatuko dute. Dena den, oraindik ez dute erabaki noiz eratuko duten behin-behineko gobernua, ezta ministroak nola banatuko dituzten ere.
Israelek, ordea, ez du begi onez hartu albistea. Hamasekin batera osatutako gobernu batekin ez duela negoziatuko esan zuen, "ez behintzat indarkeriari uko egiten ez dion bitartean". Baldintza horrez gain, estatu judua onartzeko eskatu zion Hamasi.
Prozesuak luze iraun du. Nahiz eta joan den maiatzean lortu zuten akordioa, sei hilabete behar izan dituzte prozesua martxan jartzeko. Adituek uste dute akordioaren urratsak momentu egokian etorri direla. Bi alderdiek izan duten malgutasuna azpimarratu dute, eta une gozoak bizi dituztela uste dute. Alde batetik, PANek NBEan egindako estatuaren aldarrikapena ondo hartuak izan da herritarren aldetik, eta beraz, bere posizioa indartzea lortu du PANek. Beste aldetik, Israelekin lortutako akordioaren ondorioz askatu dituzten 1.027 presoak direla eta, Hamasen irudia ere indartuta atera da.