Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.
60 eguneko su-etena, 70 egunera luzatu daitekeena, eta 28 bahitu –hamar bizirik eta hamazortzi gorpu– askatzea jasotzen ditu su-eten proposamenak, zenbait iturrik adierazi dutenez. Israelek, trukean, ehunka preso eta palestinar askatu beharko lituzke. AEBek proposamena egiterako, Israelen onespena jasoa zuen, AEBek esandakoaren arabera; Hamasek, aldiz, proposamena “arduraz” aztertzen ari dela adierazi du, eta salatu du bere eskariekin bat ez datorrela: “Proposamen berriak hilketen eta gosetearen jarraipena dakartza eta ez du gure eskaera bat ere jasotzen, batez ere gerra amaitzeari dagokionean”.
Steve Witkoff AEBek Ekialde Hurbilera bidalitako ordezkariak aurkeztu die proposamena Israeli eta Hamasi. Aipatutako puntuez gain, proposamenak su-eten iraunkorra negoziatzeko aukera eta tropa israeldarrak erretiratzea aurreikusi ditu, baina ez du proposatu Israelen erasoen berehalako amaiera; puntu horrek ez du bat egiten Hamasen eskariekin, erasoak berehala gelditzea eskatu baitu. Horrez gain, akordio proposamenak jasotzen du laguntza humanitarioa berehalakoan banatzen hastea berriz ere.
Laguntza humanitarioaren kaosa
Laguntza humanitarioa albiste izan da aste honetan. Bi hilabetez itxita izan da laguntza humanitario oro sartzeko aukera Gazan. Asteon, aldiz, Netanyahuk GHF Gazako Fundazio Humanitarioari eman dio laguntza banatzeko eskumena, gainontzeko erakunde humanitarioen kritikapean. Astearteko irudiek hautsak harrotu dituzte nazioartean: lehen eguneko laguntza humanitarioko banaketan hiru palestinar hil eta 50 zauritu zituen Israelgo Armadak.
Egoera horrela, nazioarteak ohartarazi du egoera muturrekoa dela Gazan: bost gaztarretik batek muturreko gosetea pairatzen du.