argia.eus
INPRIMATU
Hamar pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan, Europara iristeko saiakeran
  • Hamar heriotza horiekin, aurten Mediterraneoa gurutzatu asmoz hildako pertsonak 1.225 direla jakinarazi du Mugarik Gabeko Medikuak GKEak. Mantxako Kanalean ia hirurehun pertsona erreskatatu dituzte asteartean.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 17a
Argazkia: Mugarik Gabeko Medikuak

Mugarik Gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat lan egiten duen Geo Barents ontziak 100 migratzaile erreskatatu zituen bart, azaroaren 16ko gauez. Erreskatea gauzatu bitartean, hamahiru orduz itsasoan jitoan egondako hamar pertsonaren hilotzak ere aurkitu zituzten. "Ekidin zitezkeen hamar heriotza, urte hasieratik Mediterraneoa gurutzatu asmoz gertatutako gainontzeko 1.225 heriotzak bezala", adierazi du GKEak.

 

Arriskuan dauden migratzaileen deiak jasotzen dituen Alarm Phone-ri eman zioten ontziaren berri, eta dei horren harira abiatu zen Geo Barents ontzia erreskatea egitera. Ontzia Libiako kostatik 30 miliatara aurkitu zuten.

Momentuotan, Geo Barents Siziliako Kanalean dago, 186 pertsonarekin barruan. Astearte gauean erreskatatutako 100 pertsonez gain, astelehenean egindako bi erreskateetan jasotako pertsonak ere badira. Izan ere, astelehenean Libiako uretan zebilen egurrezko ontzi batetik 62 pertsona erreskatatu zituzten lehenbizi, eta arratsaldean beste erreskate bat gauzatu zuten, Maltako uretan.

Mantxako kanalean 272 pertsona erreskatatuak

Europara iristeko saiakeran zebiltzan pertsona gehiago ere erreskatatu dira aste honetan. Naiz-ek jaso duenez, Frantziako kostazainek Mantxako kanalean noraezean zebiltzan hainbat ontzitatik 272 pertsona erreskatatu dituzte asteartean. Horietatik ia ehun Boulogne sur Mer-eko portura bideratu dituzte, 109 Dunkerque-ra, eta 64 Calais-eko portura. Eremu horretan, 16.000 pertsona inguru erreskatatu dituzte abuztu amaieratik.