argia.eus
INPRIMATU
Hamar pertsona batzeko muga eta beste hainbat murrizketa Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian
  • Asteartean bildu da lehenbizikoz osasun larrialdi egoeran erabakiak hartuko dituen Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea (LABI) izeneko batzordea. Pilaketak ekiditea ezarri du helburu nagusitzat. Elkartzeko eskubidean, aisialdian, ostalaritzan, zahar etxeetan edo garraioan ezarri ditu murrizketak, besteak beste.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 18a
Prentsaurrekoan eman dute LABI batzordearen erabakien berri. Argazkia: irekia.eus.

LABI batzordeak hartuko ditu erabakiak larrialdi egoera mantentzen den bitartean. Bileran Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta sailburuak egon dira, Diputazioetako ahaldun nagusiekin batera. Bilera amaitzerakoan agerraldia egin dute Lehendakaritzan bertan Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako jarduneko sailburu Arantxa Tapiak, jarduneko Osasun sailburu Nekane Murgak eta jarduneko Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek. Tapiak eman du LABIak hartu dituen erabaki nagusien berri. Bi motakoak direla azaldu du: orokorrak, biztanle guztiei eta EAEko lurralde osoari eragiten diotenak; eta “kirurgikoak”, espazio edo eremu jakin batzuetan ezarri daitezkeenak, agerraldien edo kutsatze tasa altuen arabera.

Helburu nagusia pertsonen pilaketak ekiditea da edozein adin eta eremuetan –haur parkeak, hondartzak, aisialdi guneak...–, pilaketak jotzen direlako arrisku faktore nagusitzat. Neurri orokor nagusia hamar pertsona baino gehiago elkartzeko debekua da, espazio itxi guztietan bezala baita kalean eta espazio irekietan ere. Beilategi eta hiletean, espazio itxi zein irekietan, gehienezko pertsona kopurura 30ekoa izango da. Igerilekuen edukiera %60ra mugatu da, eta gehienez hiru orduz egon ahal izango da.

Ostalaritza, garraioa, zahar etxeak...

Ostalaritzan murrizketa berriak ezarri dira. Nafarroan bezala, Espainiako Osasun Ministerioak agindutako neurriak ezarriko dira EAEn. Jatetxe eta tabernek 01:00etan itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezin izango dute bezero berririk hartu. Jatetxeen gehienezko edukiera 60ra mugatu dute. Eserita soilik kontsumitu daiteke, barran izanik ere, eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia metro eta erdian ezarri dute. Distantzia hori mahaien artekoa zen orain arte, orain mahai ezberdinetako pertsonen artekoa ere izango da. Diskotekak eta gaueko tabernak itxita mantenduko dira, eta gazte lokalak erabiltzea debekatu du batzordeak. Kalean erretzea ere debekatuta dago, bi metroko distantzia bermatu ezin denean. Ordutegien murrizketak garraio publikoari ere eragiten dio. Beranduenez 01:30ak arte ariko da.

Zahar etxeetako egoiliarrek pertsona bakarraren bisita jaso ahal izango dute, egunero ordu betez (bizitzaren “azken fasean” fasean dauden egoiliarren kasuan murrizketa arinagoa izan daiteke). Aldundiek eta Osasun Sailak murrizketak areagotzeko aukera zabalik utzi du Tapiak. Bestetik, egoiliar zein langile berriei PCR probak egingo zaizkie zahar etxean sartu baino hiru egun lehenago behintzat.

Hezkuntza ikasturtea

Agerraldian jarduneko Hezkuntza sailburu Uriartek ere hartu du hitza, astear den ikasturteaz hitz egiteko. Eskola guztiek egoera ezberdinak aurreikusten dituen kontingentzia plan bat osatu beharko dutela azaldu du. Jaurlaritzak hiru agertoki posible aurreikusi ditu hezkuntzari begira, baina Uriartek adierazi du apustua aurrez-aurreko hezkuntzaren aldekoa dela, eta aukeratu beharra izatekotan haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta ikasle zaurgarriak lehenetsiko direla.

“Kontziente gara irakasle gehiagoren eskari orokor bat dagoela”, esan du Uriartek, baina ez du zehaztu bere sailak horrelakorik egingo duen –aste honetan bertan Steilas sindikatuak 6.000 irakasle eskatu ditu, “hezkuntza eta osasun eskubideak bermatzeko”–. Eskola bakoitzaren azterketa partikularra egingo dela eta erabakiak ere banakakoak izango direla azaldu du Uriartek, oro har ratioak gehienezko mugaren azpitik daudela azpimarratuz. egoera banaka aztertuko kdela eta horren arabera hartuko direleskola bakoitzaren egoera banaka aztertuko dela

Haur eta lehen hezkuntzan talde iraunkorrak osatuko dira ikasle zein irakasleekin eta sarrerak eta irteerak mailakatu egingo dira denboran. Zentro bakoitzak COVID-19aren alorrerako arduradun nagusi bat izendatuko du.

Indarrean, asteazken edo ostegunean

Kazetariei galderei erantzunez, Tapiak adierazi du neurriak bihar edo etzi jarriko direla indarrean. Neurriak mantendu, arindu edo zurruntzeko erabakia, aldiz, LABI batzordearen asteroko bileretan erabakiko da, kutsaduraren bilakaeraren arabera.