argia.eus
INPRIMATU
Euskalduna enpresen aurrean “babesik gabe” dagoela salatu du Kontseiluak
  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretuaren betetze maila aztertu du. Pasa den astean Eusko Jaurlaritzak gauza bera egin bazuen ere, metodologia desberdinak erabili dute Kontseiluko kideek.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 18a
Paul Bilbaok eta Iñaki Lasak prentsaurrekoa eskaini dute. (Arg: Kontseilua)

Bi azterketek ondorio bera utzi dutela adierazi du Paul Bilbaok: "Dekretua ez dira betetzen ari. Kontseiluaren ikerketaren arabera, hamar enpresatik zazpik ez dute betetzen".

Bilbaok gogora ekarri du dekretuaren balorazio positiboa egin zuela Kontseiluak hau argitaratu zutenean. Dekretua betetzen ez duten enpresentzako ondorioak kendu zituztenean egoera hau gertatuko zela ohartarazi zutela adierazi du: "Zehapenik gabeko dekretua homilia baino ez da, diskurtso hutsa". Lopezen Gobernuak haiek baztertu egin zituela eta "Urkullurenak ez ditu berreskuratu nahi izan", adierazi dute.

Era berean, dekretua egiteko oinarritzat hartu dituzten ereduek, Kataluniakoak eta Quebecekoak, herritarren hizkuntza eskubideak urratzeak zein ondorio izango duen argi zehazten dutela azpimarratu dute. Kontseiluak elkarlanerako deia egin die euskal erakundeei bide horretan aurrera egiteko.