“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.
Aisialdi eta denbora-pasan zentratzen da erronka, eta dagoeneko zazpigarren edizioa du: bideojoko, telebista, tablet eta smartphonen ordez, jolasa, ariketa fisikoa, irakurketa eta familia eta lagunekin denbora gehiago pasatzea. Horratx helburua.
“Pantailen aurrean igarotzen dugun denbora murriztea funtsezko afera da, bai hezkuntzaren ikuspegitik, baita osasun publikoarenetik ere. Azken urteetan, ekimenarekiko mobilizazio soziala areagotu egin da, eta ondorioz, urtez urte gero eta parte-hartze handiagoa dugu haur hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzako ikasleetaraino”, azaldu du Eneko Jorajuria ekimenaren Ipar Euskal Herriko zuzendariak.
Ortizbarreko ikastolan pantailarik gabeko erronkan izan zuten esperientzia kontatu zuten Irulegiko Irratian, eta nabarmendu zuten familiak seme-alaben lagunekin planak egiteko gehiago elkartu zirela, pantailekiko alternatiba gisa. Ikastolako irakasle batek azaldu zuenez, “hasi aitzin, beldurra dute, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Baina hasi eta indar kolektiboak hartzen du gain, gogotsu ekiten diote puntuak lortzeari”. Izan ere, pantailak gehien erabiltzen diren eguneko sei une dituzte identifikatuta, eta pantailarik erabiltzen ez duten une horietako bakoitzagatik puntu bat irabazten dute. Puntuak ikasgela edo eskola guztiarentzat dira, lehia saihestu nahian.
"Ez dugu elkar epaitzen, bakoitzaren etxeko errealitatea oso ezberdina baita, eta goizero hitz egiten dugu horretaz guztiaz"
“Ez dugu elkar epaitzen, bakoitzaren etxeko errealitatea oso ezberdina baita, eta goizero hitz egiten dugu horretaz guztiaz; zer moduz joan den aurreko eguna pantailarik gabe, non izan duten tentaziorik handiena, zer egin duten pantailaren aurrean egon ordez…”, dio irakasleak.
Aurreko edizioetako emaitzak oso positibotzat jotzen dituzte antolatzaileek: besteak beste, ongi antolatuz gero %95ak betetzen du erronka, eguneroko ohituretan aldaketa positiboak antzeman dituzte gurasoek, eta ekimenari esker ikasleek pantailekiko jarrera kritikoa garatu dutela diote irakasleek.