Hamar albiste zientifiko garrantzitsuenak


2003ko urtarrilaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:11:59
Jon Torner jontorner@argia.eus "Science" aldizkariak 2002an zientziaren arloan izandako hamar gertaera garrantzitsuenen zerrenda ezagutarazi berri du. Aldizkaria kaleratzen duen Zientziaren Sustapenerako Elkarte Amerikarraren (AAAS) arabera, aurreneko postua "RNA txikiak" izeneko molekulen inguruko ikerketak merezi du. Orain dela gutxi arte, euren eginkizuna proteinak osatzean DNAren aginduei jarraitzea zela uste zuten zientzialariek. Iaz, ordea, geneak espresatzeko garaian garrantzia handia izan dezaketela deskubritu zuten, eta jokatzen duten papera ezagutzea lagungarri izango da hainbat gaixotasunen (tartean minbiziaren) kontrako tratamenduak garatzean. Hurrengo lerroetan zerrenda osatzen duten gainerako bederatzi aurkikuntzak eta "Urteko porrota" titulua merezi izan duena dituzue. Neutrino galduak Lurretik Eguzkiranzko bidaian galtzen ziren neutrino elektronikoekin zer demontre gertatzen ote zen 2002a arte ez dute jakin ahal izan adituek. Kanadako Sudbury Neutrinoen Behatokiak eginiko ikerketen arabera, neutrinoak bidean bi partikulatan bereizten dira, eta horregatik ez zituzten guztiak detektatzen. Arrozaren eta malariaren eroaleen genomak Zientzialariek bi arroz barietateren eta, malaria eragiten duen parasitoaren ("Plasmodium falciparum") eta hura zabaltzen duen eltxoaren ("Anopheles gambiae") genomak deskodetu dituzte. Aurreneko lorpenak, besteak beste, laborantza metodo jasangarriak garatzen lagunduko du, eta bigarrenak, uxagarriak, intsektizidak eta txertoak sortzen. Unibertsoaren iragana eta etorkizuna Txilen kokaturik dagoen Cosmic Background Imager teleskopioak (hondoko mikrouhin erradiazioa ikertzea da bere xedea) Big Bang delakoak askatu zituen energia forma berriak topatu ditu. Astronomoek, gainera, Unibertsoa etengabe hedatzen ari dela frogatu ahal izan dute, eta orain errazagoa izango da haren jatorria nahiz etorkizuna ulertzea. Filmik azkarrena Fisikari talde batek attosegunduko (segundu baten bilioiaren bilioiren bateko) fotogramak eskuratzeko aukera ematen duen filma egitea lortu du. Filmik azkarrena da, eta horrekin, elektroiek atomoaren inguruan egiten duten bidea filmatzea lortu dute. Pipermina eta mendafina Piperminak erre egiten duten zelula batzuk ditu, eta mendafinak freskatu egiten dutenak. Bada, zelula horiek jada identifikatu dituzte, eta frogatu ahal izan denez, erre sentsazioa sortzen duten piperminaren zelula horiek eta freskotasuna sortzen duten mendafinarenak zelula berberak dira. 3D-ko zelulak Zelulen irudi tridimentsionalak lortzea posible da jada, Krioelektroien tomografiari esker. Horren bidez bi dimentsioko irudiak lortuko dira, eta gero ordenagailu bidez hiru dimentsiokoak bilakatuko dira. Honek, bizitzaren oinarrizko mekanismo batzuk ezagutzeko aukera emango du. Atmosferaren ikuspegi 'zuzena' Atmosferak (zeruak) duen efektu distortsionatzailea dela-eta, lurreko teleskopioek arazoak izan dituzte haren imajina 'fidela' jasotzeko. Iaz efektu hau desagerrarazi eta kalitatea hobetzen duten teknologiak garatu dira. Sistema berriak Esne Bidea ikertzea helburu duten Hawai eta Txileko teleskopioetan aplikatu dira, eta orain posible da Jupiterreko sumendi baten erupzioa edota Eguzkiko orbanak ikustea. Ordulari biologikoa Zientzialariek argiarekiko sentikorrak diren zelula batzuk (melanopsina pigmentua duten zelulak) topatu dituzte begien erretinan. Zelula horiek gorputzaren eguneroko erritmoa mantentzen laguntzen dute, eta horiei esker "jet leg" edo neguko depresioak bezalako efektuak ulertu ahal izango ditugu. Toumaï-ko gizona, lehen hominidoa? Hamargarren lekuan, Toumaï-ko gizona bezala bataiatu zutenaren buru-hezurraren aurkikuntza dago. Fosila Txad-en topatu zuten, eta aurkitu zutenen iritziz, lehen hominidoaren aurrean gaude. Pello Zubiriak luze hitz egin zuen albiste honen inguruan "'Australopithecus tchadensis': Txadeko gure osaba zaharra" izenburua zuen 2002ko uztailaren 13ko "Net Hurbil"ean. Urteko porrota Iazko hamar aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenekin batera, "Science" aldizkariak urteko porrota izan denaren berri ere eman du. Aurten "sari" hau Hendrik Schön Bell Laborategietako fisikariak eta Victor Ninov Kaliforniako Lawrence Berkeley Laborategi Nazionaleko fisikariak jaso dute, nanoteknologia ardatz zuen euren ikerketa bateko emaitzak trukatzeagatik. Zientziaren "Top ten"aren inguruko hainbat artikulu topatu dugu Interneten. Horietako bat Zientzia.net web guneak jasotzen duen erreportaje mamitsua da. Eurekalert guneak, bestalde, albistea ingelesez eta frantsesez irakurtzeko aukera eskaintzen du.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fisika
Mpemba efektua
Izozki bat Termodinamikaren aurka

Nori ez zaizkio izozkiak gustatzen? Euskal Herriko ume gehienei, behintzat, bai. Tanzanian ere horrela da, are gehiago, bertan egon ohi diren tenperaturak kontuan hartuta. Horiek horrela, 1963an Tanzaniako ume batek izozkia prestatzerakoan behatutakoak zeresana sortzen du... [+]


2019-06-24 | ARGIA
Erradiazio guztiak ez dira berdinak: 5G teknologia eta osasuna

Azken hilabeteetan 5G teknologiarekin lotutako informazio asko argitaratzen ari da hedabideetan, dagoeneko oso interkonektatuta dagoen mundu batean telefonia mugikorrak emango duen hurrengo jauzia iragarriz. 5Gak osasunari eragin diezazkiokeen ustezko kalteak dira jarraipen... [+]


2017-12-31 | Unai Brea
Ruth Lazkoz. Unibertsoaren alde iluna aztertzen
"Zerbait ez ulertzea da zientzia egiteko behar den lehenbiziko gauza"

Zientzia du ogibidea Ruth Lazkozek (Bilbo, 1971), baina nekez ikusiko duzu bata zuria jantzita laborategi batean. EHUko Fisika Teoriko saileko kidea da, eta arbela eta kalkulu-prozesadoreak ditu eguneroko lanabes. Oraintxe esku artean duen egitekoa sinple azaltzen da: Einsteinen... [+]


2016-02-16 | Oier Lakuntza
Grabitazio uhinak
Unibertsoaren ezagutzarako tresna bat gehiago

Grabitazio uhinen aurkikuntzak aro berri bat irekiko du gure unibertsoaren ezagutzan. Izan ere, grabitazio uhinei esker unibertsoaren iraganeko bilakaera ezagutu ahalko dute ikerlariek.


2015-06-28 | Sustrai Colina
Jose Maria Pitarke
"Zientziaren garapena geldiezina da"

Elkarrizketa = (Esan+ Entzun)²


Eguneraketa berriak daude