Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.
Asteazkeneko mobilizazioak Gerrarik Ez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta pentsionisten Gaurgeroa mugimenduek antolatu dituzte, Hagan (Herbehereak) NATOren goi-bilera hasi den egunean.
Gastu militarra gora, soziala behera
“Europako Batzordeak armamentua erosteko 800.000 milioi euro erabiliko dituela iragarri izana armen eskaladaren icebergaren punta baino ez da”, salatu dute mobilizazioetan. NATOko herrialdeek gastu militarra BPGaren %5era igoz gero Europar Batasuneko herrialdeek urtean 900.000 milioi euro gastatuko lituzketela azaldu dute, eta horrek murrizketak ekarriko dituela osasungintzan, pentsioetan edo klima larrialdiaren aurkako borrokan. “Neurri hau eragozten ez badugu, armamentuaren lasterketak Europako langileen bizi-baldintzak degradatuko ditu urte gutxiren buruan”.
Gastu militarraren igoeraren atzean armagintzaren lobbya dago, deitzaileen esanetan, eta kritikatu dute Euskal Herrian ere Jaurlaritzak edo Zedarriak foroak hori elikatzen ari direla. “Ez dugu nahi Euskal Herriko industria beste herrien hildakoaren eta sufrimenduaren gainean eraikia izan dadin”.
Iran eta Palestina
Ostegunean beste hainbat mobilizazio daude deituta. Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioak egingo ditu ostegun arratsaldean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Donostiako Boulevarrean eta Iruñeko Udaletxe plazan, eta ostiralean Bilboko Areatza plazan, Iranen aurkako eraso inperialista eten lelopean.
Israelek eta AEBek Iranen aurka egin dituzten erasoak salatu ditu Palestinarekin Elkartasunak. Plataformaren ustetan, hilketa eta bonbardaketek “Israelen eta Mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea” utzi dute agerian beste behin. Ziurtatu dute eraso horiek NATOko gainontzeko herrialdeen “onespena eta laguntza” jaso dutela, eta Iranen erantzuna “defentsiboa” izan dela. Iranen aurkako erasoekin, Israelen helburua litzateke Ekialde Hurbilean bere nagusitasuna eta barne mailan “egonkortasuna” ziurtatzea. Mendebaldearena, aldiz, “asia Mendebaldea azpiratuta mantentzea”. Israelgo Estatuaren “desegitea” aldarrikatu du plataformak.
Ostegunean Bilbon beste deialdi bat ere bada. Gernika-Palestina, Begirune, CEAR Euskadi, CVX Arrupe Elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Pertsonalde eta Zehar-Errefuxiatuekin eragileek antolatuta. Moyuatik irtengo den manifestazioak palestinarren aurkako gerra salatuko du, “uste dugulako genozidioaren aurrean ez garela isilik egon behar”. Gaza izango dute gogoan: “Haurrak gosez hiltzen dira eta herritarrak edateko urik eta elektrizitaterik gabe bizitzera behartuta daude. Behar-beharrezkoa da laguntza humanitarioko korridore iraunkorrak irekitzea eta sendagaiak, elikagaiak eta arreta medikoa sartzen uztea, UNRWAren eta baimendutako beste erakunde batzuen abalarekin”.