argia.eus
INPRIMATU
Hamaika lagun etxegabetu ditu Ertzaintzak Donostian
  • Zortzi hilabeteko haurdunaldia duen emakumea eta 11 urteko mutikoa tartean, hamaika pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak asteazkenean, Egia auzoan.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2025eko urriaren 30
Aldapa kalean egin dute etxegabetzea. Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza

Egoera triste eta krudela Egiako Aldapa kaleko 22. zenbakian. Hamaika lagun bizi ziren etxe batean, bakoitzak, logelako, 600 euro ordainduz, hilabetero-hilabetero. Batzuek hilabete gutxi daramate bertan bizitzen, beste batzuek, lau urte. Asteazkenean kaleratu ditu Ertzaintzak, dispositibo zabala antolatuta. Arazoa? Azpikontratatuta zuten alokairua, eta haiek ordaindu arren, dirua kudeatzen zuenak ez ziola jabeari ordaintzen.

“Atzo abisatu gintuzten. Atzo”, diote, egoera sinistu gabe, asteazkenean kaleratu dituzten bizilagunek. Ordainagiriak eta kontratuak erakutsi dituzte, dena dute, ustez, “legalki eta ondo” egina. Ordea, kaleratze agindua asteazkenerako  zegoen ezarrita, eta 09:00etatik aurrera Ertzaintzak eraman du aurrera. 

Bizilagunen artean, 11 urteko mutiko bat dago eta zortzi hilabeteko haurdunaldia duen emakumea. Inorentzat ez dago etxebizitza aterabiderik. “Zerbitzu sozialetara deitu dugu, eta esan digute aterpetxean galdetzeko ea lekurik baden!”, diote, zur eta lur. Atzerritarrak dira asko, eta ez dute seniderik hemen. Ez dakite zer egin.

Hainbat bizilagun atera dira haiek babestera: “Arrazoia dute, iruzur egin diete”. Izan ere, ez dira atzo goizekoak etxe hauen inguruko gatazkak. Hainbat etxe daude bata bestearen ondoan, eta, denak dira jabe berarenak. Bizilagunek azaldu dutenez, pandemia aurretik etxebizitza turistikoak zituen, eta, lehenago, prostituzio etxea. Orain, ordea, berrakuratuta zegoen etxea, eta negozioa egiteko baliatu dute. 

Etxebizitza Sindikatua eta Egia Bizirik

Egoeraren berri izan dutenean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, Egia Bizirik auzo elkarteko kideak eta Saretxeko kideak gerturatu dira lekura, kaltetuei babesa adierazi, eta batez ere, laguntzera. Gizarte Zerbitzuetara jo dute berriz ere, eta 11 urteko mutilaren familiari hiru egunez hotel bat ordainduko dietela azaldu dute, oraindik beste informaziorik ez duten arren. Haurdun dagoen emakumeari eta bere bikotekideari bost egun eskaini diete aterpetxean, ostegunetik aurrera. Asteazkenerako, beraz, ez diete inolako alternatibarik eskaini.

Gainontzeko pertsona guztientzat ez dago, oraindik, inolako alternatibarik. 

Eragileek azaldu dutenez, “onartezina” da egoera, eta mobilizatzeko beharra nabarmendu dute. Oraingoz ez dute deialdirik egin, baina adi egoteko deia zabaldu dute.