Osasun larrialdi egoera tarteko, egitekoak zituen mobilizazioak udazkenera atzeratu zituen mugimenduak. Alabaina, aldarrikapenak aireratzekoa unea dela iritzirik, ekainaren 7an plazak betetzeko deia egin die herritarrei.
Gure Esku dinamikatik jaio zen Hamaika Gara mugimendua, eta egun 24 eragile ditu atzean. Martxoaren 11an sinadura bilketa abiarazi zuten, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko xedez. Koronabirusaren agerpenak, ordez, oztopoa jarri zien abiatu berri zuten bidean; ondorioz, erabaki zuten sinadura bilketa pausatzea eta aurreikusita zeuzkaten mobilizazioak udazkenera atzeratzea.
Alabaina, herritarren aldarrikapenak aireratzeko unea dela uste du mugimenduak, eta hargatik ekainaren 7an mobilizazioa deitu dute. Hamaika Gararen hitzetan, “Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”.
Deialdiak “herri erantzuna” ematea du asmo, eta hartarako beren aldarrikapenak kartoietan idatzi eta ekainaren 7an plazetara eramateko eskatu diete herritarrei. Bueltako bidea hartu aurretik, kartoiak plazan bertan uztea eskatu dute, plazak berreskuratzeko eta horiak aldarriz betetzeko. Mobilizazioak 11:00etatik 14:00etara gauzatuko direla zehaztu dute, herri eta hirietako plazetan.