Biladi Hadi elkartasun brigadako kideak bi bider izan ziren 2010ean Palestinan. Bidaia horietan ateratako irudiei musika eta hitzak jarri dizkiete Euskal Herrian hainbat esparrutan lanean ari diren lagunekin elkarlanean.
"Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua sortzeari, eta bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau", adierazi dute Biladi Hadi brigadako kideek.
Irantzu Pastor eta Axier Lopez kazetari eta argazkilarienak dira Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik liburuko irudi gehienak, baina badira Biladi Hadi brigada osatu zuten gainerako lagunen hainbat begirada ere. Argazkiei hitzak jarri dizkieten lagunen artean daude, besteak beste, Gabi Basañez Euskal internazionalista auziperatua; Ainere Tolosa aktorea; Amets Arzallus, Jon Maia, Miren Amuriza eta Miren Artetxe bertsolariak; Ander Perez gazte mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea; Beñat Hach Embarek Sahararen aldeko ekintzailea eta gazte mugimenduko kidea; Xabier Euzkitze kazetaria eta Saharautz elkarteko kidea; Filipe Bidart Iparretarrak erakundearen sortzaileetakoa; Garazi Goienetxea ikasle mugimenduko eta Biladi Hadi brigadako kidea; Iñaki Antiguedad mugimendu ekologistako kidea eta EHUko irakaslea; Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria eta Kristiane Etxaluz militante abertzalea.
Hamaika kantako CDa
Honako talde eta musikariek parte hartu dute diskoan: Arramazka, Eratu, Esne Beltza, Skatu, Napar-K, Madeleine, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Maldan Behera, Jon Aranburu eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
Durangon salgai
Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik liburua eta CDa Durangoko Azokan daude salgai, 10 euroan, Askapenaren standean. Bihar, bestalde, Ahotsenean aurkeztuko dute, 18:00etan.