Poliziaren indarkeria matxista eta erabateko inpunitatea utzi dituzte agerian hainbat ikerketak. Agenteek egindako erasoen %42tan, sexu-indarkeria salatzen ari ziren pertsonak dira biktimak.
Frantziako Estatuan, polizia-agenteen sexu-erasoak jasan dituzten biktimen %42, indarkeria mota horregatik beragatik laguntza eskatzen ari ziren pertsonak ziren; esate baterako, eraso bat salatzeko garaian edo antzeko egoeretan. NousToutes kolektiboak 207 testigantza bildu eta gero L'Humanité-k eginiko azterketa batetik ateratako zifra esanguratsuenetako bat da hori. Kolektiboko kide Maëlle Noirrek aipatzen du, gainera, isilpeko kasuak ere badirela, eta benetako kopurua ezkutuan uzten dutela "uniformeak, armak eta horiek sor dezaketen beldurrak, zein halako agenteen inguruko inpunitate-kulturak".
Biktima gehienak emakumeak, pertsona ez-bitarrak eta trans gizonak dira (hiru laurden baino gehiago), eta erasotzaileen %90 gizonezkoak dira. Bestalde, biktimen herena baino gehiago arrazializatutako pertsonak, egoera prekarioan daudenak, paperik gabeko etorkinak, desgaitasuna dutenak edo prostituzioan aritu behar duten pertsonak dira. Azpimarratzekoa da, gainera, biktimen %18 adin txikikoak direla.
Erasoen ezaugarriei dagokienez, biktimen %60k azaldu dute sexu-indarkeria jasan dutela, bortxaketak (%11) eta jazarpen sexuala, xantaia sexuala edo mezu esplizituak barne. Ikerketak, halaber, beste indarkeria instituzional batzuk ere islatzen ditu, hala nola manipulazioa, salaketa-prozesuan iseka egitea edo salaketak erretiratzeko presioa. Agente batzuk jatorrizko erasotzaileen konplize gisa aritu dira, polizien tresnak erabiliz biktimak espiatzeko, edo haiek jarritako salaketekin aurrera egiteari uko eginez.
Disclose-k eta France 2 telebista-kateak egindako ikerketa paralelo batek seinalatu du Frantziako Poliziako eta Jendarmeriako 215 agentek 429 biktimari egin zizkietela sexu-erasoak 2012 eta 2025 artean. Erasoak salatzeak, baina, ez du orokorrean erasotzaileen aurkako zigorrik ekartzen, eta azterketan aipatzen da noizean behinekoak eta sinbolikoak izaten direla errepresaliak. Zuzenean salatutako edo sexu-delituengatik kondenatutako agenteen %21k aurrekariak zituzten indarkeria matxistagatik.