argia.eus
INPRIMATU
Hamahiru rapero “terrorismoa goraipatzeagatik” inputatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak
Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 18a

Azaroaren 8an jaso zuten auzitegien zitazioa. Gazteei terrorismoaren goraipatzea, gorrotoa sustatzea, koroari irainak, zilegi ez den elkarteko kide izatea eta estatuko erakundeen aurkako delituak egozten dizkiete. Azaldu dutenez, oraindik ez dakite zein abesti edo froga material dituzten beraien aurka.

Gertaturikoa salatzeko komunikatua zabaldu dute. “Beste behin argi geratu da Espainiako Estatuan, beldur eta zapalketa erregimenari aurka eginez gero, adierazpen askatasunik ez dagoela”, azaldu dute. Taldeak preso politikoekin izaniko elkartasun aktiboa da gazteen ustez “erasoaren arrazoia”. Halere, lanean jarraituko dutela adierazi dute.

La Insurgencia taldeko kide den Alexander “ELGIO” katalanak taldearen aniztasuna defendatu du: “Taldekideak militantzia politiko ugaritakoak gara eta batzuk ez dugu elkar ezagutzen. Estatuko eta atzerriko hiri desberdinetan bizi gara eta sarean egiten dugu lan”. Kideen artean hamahiru atxilotuak eta adin txikiko bat daude Espainiako Estatuan, gainontzeko sei kideak Latinoamerikan bizi dira.

Atxiloketak Gran Canaria, Malaga, Cordoba edo Vigon egin dira besteak beste. Kalean atxilotutako gazteek adierazi dute gainean zuten material elektroniko guztia kendu zietela. Etxean zeudela poliziak eramandakoen kasuan ez zen halakorik gertatu, etxeak erregistratzeko agindurik ez baitzuten.

Raperoekiko elkartasuna adierazteko #AbsoluciónLaInsurgencia traola erabiltzen ari dira sare sozialetan.

Gobernu berriak bide beretik jarraitzen du

Azaroaren 7an hartu zituzten karguak gobernuko kideek. Mariano Rajoy presidenteak Juan Ignacio Zoido kokatu du Barne Ministerioko buru, Jorge Fernandez Diaz polemikoaren lekuan. Halere, ikuspunturik ez da aldatu. Gobernua osatu eta egun bat beranduago, hamahiru rap-kantariek epaitegien zitazioa jaso zuten inputatu bezala deklaratzeko.

Egun berean, Bukaneros zale taldeko –Madrilgo Rayo Vallecano futbol klubeko zaleak– hamabost kide atxilotu zituzten, baita Kataluniako bost independentista ezkertiar ere. Azken hauek Auzitegi Nazionalera deitu zituzten, koroarekiko irain delituak egotzita.