argia.eus
INPRIMATU
Hamabost gazte deitu dituzte deklaratzera, 2019an Gasteizko trenbidea ixteagatik
  • 2019ko urriaren 17an, Ertzaintzak 21 gazte atxilotu zituen Altsasuko gazteen eta Kataluniako independentziaren aurkako sententziak salatzeko Ernaik deitutako mobilizazioetan. Atxilotuetako hamabost deklaratzera deitu dituzte orain.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 10a
Argazkia: Hala Bedi

Ernaik Hego Euskal Herri osoan mobilizazioak deitu zituen 2019ko urrian. Goizeko mobilizaioa bukatu zen momentuan, Gasteizko trenbidea hartu zuten Gazteok Independentzia lelopean.

Ekintza haren harira, Arabako Probintzia Auzitegian deklaratu beharko dute hamabost gaztek, otsailaren 18an eta 25ean. Beste seiak ere ikertuak izaten ari dira, baina hauek adin-txikikoak izanik, adingabeen fiskaltza ari da kasua eramaten.

Hala Bedi komunikabideak jakinarazi duenez, epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen, baina auzia berriro irekitzeko eskatu du fiskaltzak, hemezortzi hilabete beranduago. Egoera honi aurre egiteko asmoz, Ernai Gazte Errailak, momentuan sortutako dinamika, berriz ere martxan jarriko da prozesuaren gastu ekonomiko, juridiko eta politikoei aurre egiteko.