Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren esanetan, "inolako alternatiba zuzenik proposatu gabe eremu hori hustuta, pertsona horien egoera are eta gehiago okertzen du".
Getxoko Udaltzainak ostegun goizeko 08:00etan bertaratu dira Algortako Larrañazubi inguruan dagoen kanpalekura. Kanpalekuaren desegitea zaurgarritasun egoeretarako aurreikusitako protokoloa jarraituta egin dutela adierazi du Getxoko Udalak. Amaia Agirre alkateak (EAJ) esku-hartzea "osasun publikoa babesteko eta ingurune naturala zaintzeko" argudiopean justifikatu du: hain zuzen, Ingurumen Sailak jakinarazi du hustutako eremuan "butano bonbonak eta beste material arriskutsu batzuk" aurkitu dituztela, horiek ingurune horretan erabiltzea ez baita egokia.
Getxoko EH Bilduk gogor gaitzetsi du, eta adierazi du ez dela lehenengo aldia pertsona horiek leku horretatik kanporatu dituztela: "Pertsona hauek bizitokirik gabe daramate denbora luzea, eta horien segurtasuna bermatzeko oinarrizko beharrak ase behar dira, eta hori administrazio publikoen baliabideen bidez egin behar da ezinbestean".
Mankomunitatearen papera
EH Bilduri erantzuteko, Agirre alkateak argudiatu du udal baliabideak "gainezka" daudela, eta jakinarazi du harremanetan jarri dela Uribe Kostako Mankomunitateko presidentearekin, hustutako kanpalekuan bizi ziren migratzaileei alternatiba bat eskaintzeko: "Jakitun gara egoera hauen atzean ibilbide oso gogorrak dituzte pertsonak daudela". EH Bilduk, ordea, hitz horiek mankomunitateari "inplikazio falta" leporatzeko saiakera gisa hartu ditu.
Izan ere, koalizio abertzaleak goraipatu egin du orain arte mankomunitateak eta Getxoko Gizarte Zerbitzuak eginiko "isilpeko lan mardula, gure herrian eta eskualdearen zati batean daukagun egoerari aterabide posibleak bilatzeko, eskualdeko hirugarren sektoreko elkarte eta borondatezko langileekin batera". EH Bilduk gauzak "gaizki eta berandu heltzea" egotzi dio udalari, eta "inolako alternatiba zuzenik proposatu gabe eremu hori hustuta, pertsona horien egoera are eta gehiago okertzen" duela.