Soldata igoera eta lan baldintzak Osakidetzako langileekin parekatzea eskatzen dute. Urtarrilaren 8rako hiru manifestazio antolatu dituzte Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Aurrera jarraitzen du EAEko anbulantzien grebak. Azaroan eta abenduan hiru eguneko lanuzteak egin ondoren, hamabost eguneko greba egingo dute urtarrilaren 8tik 21era bitartean. ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute greba, eta aldarrikapen nagusiak dira lan baldintzak Osakidetzako langileenekin parekatzea eta eros-ahalmenari eutsiko dion soldata igoera.
Negoziazioak “erabat blokeatuta” daudela adierazi du ELA sindikatuak: “Patronalak sindikatuen aldarrikapenetatik guztiz urrun dagoen proposamena eskaini du, Larrialdietarako Garraio Sanitarioaren (LGS) kontratuan aurrekontuaren %30 gehiago jaso duen arren eta beste %24 gehiago premiazkoa ez denaren kontratuan (gaur egun prozesuan dagoena)”. Halaber, salatu du Osasun Sailak oraindik ez duela bilerarik deitu: “Aitzitik, Lan Sailarekin bilerak egin dira, baina oraingoz ez da aurrerapausorik eman”. Bestalde, LSB-USO sindikatuak gogoratu du hitzarmena “eguneratu gabe” dagoela 2021etik.
ELA sindikatuak positiboki baloratu du grebaren lehen eguna, eta adierazi du jarraipena %90ekoa izaten ari dela.
Manifestazioak
Kontzentrazioak antolatu dituzte urtarrilaren 8an Arabako Santiago Ospitalean, Bizkaiko Gurutzetako Ospitalean eta Gipuzkoako Donostia Ospitalean. 11:00etatik 12:00etara bilduko dira bertan.
Bilboren kasuan, urtarrilaren 8ko manifestazioaz gain, hiru gehiago deitu dituzte: urtarrilaren 12an, 15ean eta 18an. Gasteizen 15ean egingo dute.