La Insurgencia kolektiboko kideak dira hamabi raperoak. Euren abestietan “terrorismoari gorazarre” egiteagatik zigortu ditu auzitegiak. Errekurtsoa jarriko dute Auzitegi Gorenean.
Bi urte eta egun bateko kartzela zigorra, 4.800 euroko isuna eta bederatzi urteko inhabilitazioa. Hamabi raperok Auzitegi Nazionalean jaso berri duten zigorra da. Abeslariak dira hamabiak, La Insurgencia kolektiboko kideak. Epailearen arabera “terrorismoari gorazarre” egiten dioten abeslariak. Abenduaren 5ean –adierazpen askatasunerako eskubidea jasota daukan konstituzioaren ospakizunaren bezperan– jaso dute zigorra.
Fiskaltzak egindako zigor eskaera bere egin du epaileak, eskatutako guztiak osorik onartu baititu. José Perals fiskalak egin zuen zigor eskaera, Altsasuko gazteentzat 375 urteko kartzela zigorra eskatu zuen berberak. Orain, Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztuko dute zigortuek. Gorenak ez balu errekurtsoa onartuko, hamabiak espetxera sartuko lirateke.
La Insurgenciako kideen ustez Fiskaltzak euren hitzak kontesturik gabe aurkeztu ditu, “letrak osorik irakurri beharko lituzkete, ez esaldi soilak”, diote gazteek. Monarkia, Gobernua edota sistemaren aurkako mezuak igorri ohi dituzte euren abestietan.