Ixo eta bizi!
Gailu
Bidehuts, 2025
------------------------------------------------------------------------------------------------------
Aresti hilda dago. Eta bere oinordekotza baita ere. Gailuk argi du: “Harrizko herri zena / negar herri bihurtu da eta, / hala, iduri luke bizitzak zerbait zor digula: / Zoriontasuna akaso? Ba ez!”. Mejillón Tigrek hitz esana gisa definitu zuen spoken word-a, Euskal Herrian tradizio luze baino ezezaguna duen ahots gorako poesiari marko berria eskainita.
Joxean Artze izan zen aitzindaria –oker ez banago–, eta jarraitu dute urteetan zehar hainbatek. Horietako bat da Andoaindik datorren Gailu. Idatzi dugu jada haiei buruz lehendik, euskaratik gertuen den Gil Scott-Heronen estiloa garatu dutela Gailukoek, rural electro-hardcorea jorratuz.
Azken lan honetan, letrekin nabil ni adiago. Esango nuke, jada ofizialki, Gailuk hanka berri bat gehitu diola proiektuari: Asier Aizpurua Aranguren. DJ moduan, K Ttipia gisa ezagutuko dute batzuk, Axi Bukows gisa besteek. Lehendik ere idatzi ditu letrak Gailurentzat. Oraingoan, jada, zortzi kantutatik bosten letrak dira bereak. Eta unibertso propioaren sortzailea.
Neoliberalismoaren arrakalak bizitzen ohituta dagoen belaunaldiaren hitzak dira. Sistemak inolaz ere irentsi ezin dezakeen jarrera baten militanteak. Kritikatzen dute “negar herria”, baina, hain zuzen, aldarrikatzeko maitasuna ekintza zuzen gisa: “Baina oroit maitasuna ezin dela eduki, eman baino ez. / Ekintza zuzena da. horrexegatik ezin da eduki, ez erosi. Oparitu baino ez”.
Eta horrelaxe, komunitatearen zentzu sakon, errotu eta garaikide batean, garaiaren kontrako aldarria da Bizi eta Ixo!. Ez dago autolaguntzarik, bizitzearen garrantzian, borrokarako deia baizik. Nondik datorren oso ondo dakien belaunaldiari entzun diezaiokegu nora joan oso ondo ez dakigunok: “Bizi besterik gabe, bizi sinpleki, / haizeari entzunaz, / haizeak nondik haizeak nondik jotzen duen hadi / Nondik joko haizeak, Jeronimo gurekin zutik / Jeronimo gerrarako haizatuz lurpeko aizkora”.