argia.eus
INPRIMATU
Haize zakarra

SaƱu Bizirik @sanu_bizirik 2023ko apirilaren 12a

Gogoz dabil haizea azken boladan Azpeitian. Astea joan astea etorri udalak astelehenetan egin ohi dituen txukuntze lanak igande goizetara aurreratzeraino. Sañu bizirik!-ekoak ez dakigu haize harroa dabilelako ote den, edo norbaitzuk bazterrak harrotu nahian, errotak martxan jarri nahi izatearen ondorio ote den.

Fenomeno kuriosoa ari da gertatzen igandero. Mendietan eolikoak jartzearen aurkako aldarrikapenak dituzten pankartak goizean goiz desagertzen hasi dira; nahiz eta udalak horiek kentzeko eguna astelehenetan finkatuta duen.

Susmoa konfirmatu ere egin zaigu. Ez dira euren kasa desagertu. Trantsizio energetikoaz ahoa beteta ari diren horiek, iritzi kritikoa duena isilarazi nahi dute. Bestelakoan, nola uler daiteke Sañu Bizirik!-ek pankartak berrerabiltzen dituela jakinda, joko zikin hauetan ibiltzea? Hau ote da udaletik bultzatzen duten #DenonArtean eraiki beharreko herria? Adierazpen askatasunari egindako eraso honek, bestelako gaitzespenik izango al du?

Gehiago hitz egin behar genukeela diote, baina proiektuaren inguruan txintik ere ez dute azaldu nahi. Proiektua aztertzen ari direla diote, baina auzokide zein herritarrak albo batera baztertzen gaituzte. Hau ote da behin eta berriz aipatzen duten elkarbizitza eredua?

Tamalez, oraindik haizete gogorrak daude iragarrita Azpeitiko herrian zein eskualdean. Hitzaren ukatzaileek jakin dezatela ufadarik handienak jotzen duenean ere, aurrez aurre zutik izango gaituztela, mendietan erraldoi itsusi hauek eraiki ez ditzaten. Horretarako, orain arte bezala, herritarrak informatu eta kontzientzia garatzen jarraituko dugu.