Taiwan eta Japoniaren artean dauden Diaoyu edo Senkaku irlak hizpide izan dira berriro: Txinako kostazaintzako helikopteroek japoniar hegazkin koxkor bat uxatu zuten pasa den larunbatean irlen ingurutik “legez kanpo txinatar aire-espazioan” sartzeagatik. Bost minutuz, agidanez. Bestelako testuinguru batean nekez albiste izango litzatekeen zerbait, tirabira garratz samarra bihurtu da Asia ekialdeko bi potentzia nagusien artean. Merezi du hausnartzea “misterioak”.
Senkaku Shoto (japonieraz) nahiz Diaoyu Qundao (txineraz) uharteak “irla” direla esatea ere lizentzia izan daiteke: haitz-tontor batzuk dira, zuhaitzez jantziak, bai, hein batean. Zazpi kilometro koadro bilbatzen dituzte sei-zortzi uharteen artean. Bertan ez da inor bizi, ez orain ez inoiz; giza bizibiderako oinarrizkoena ere, ur geza, falta delako. Noiz edo noiz, arrantzaleren batzuk gerizatzeko erabiliko zuten, eta dute.
Zer dute horren baliagarria, orduan? Kokapena: Taiwandik 100 itsas-miliatara, kontinentetik 200era, Okinawa-tik 225era, eta Kyushu-tik 330era. Beren-beregi Ryukyu irla-katekoak izan gabe, haien “aurrendariak” dira Txina Ekialdeko Itsaso aldera. Eta Filipinetako Itsasorako ataka Miyako itsasartearen hegoaldean. Kaxkarrak bezain estrategikoak direla ezin uka, beraz.
Taiwango auziarekin txirikordatuta dator, haatik, gorabehera. Haren jabetasuna erreklamatzeko darabilen arrazoibide berberak baitarama Txina ebaztera Diaoyu irlak bereak dituela. Eta ez da soilik ondra-kontua.
Ez baita ahaztu behar Taiwan politikoki Txinatik bereizteko prozesua 1895eko Shimonoseki-ko Tratatutik abiatzen dela, orduan geratu baitzen hura Japoniaren mende. 50 urtez, II. Mundu Gerra amaitu arte. Eta ez da guztiz iraungi korapilo haren segida: Japoniak gaur egungo Taiwanen independentziaren aldeko keinuak izan daitezkeenak egin orduko, gogoratzen hasi da Txinak, bere aldetik, ezarian bezala, Ryukyu uhartedi osoaren japoniar-tasuna inoiz ez duela aitortu… Zer esanik ez Diaoyu.
Iraganeko eta egungo gorabeherak uztartzea zein neketsua izan daitekeen jabetzea tokatzen ari zaio Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministro hasiberriari. Herrialdeko establishment politikoan Txinaren etsaienetako bat izatearen ospearekin heldu bazen ere, harekin eta Hego Korearekin giroa gozatu behar izatera bultzatu dute Trumpen ateraldiek. Ez litzateke, ordea, japoniar eskuin muturraren gustukoa izango hori ere; eta hortik letorke Senkakun sartu-irtena egin duen hegazkinaren “balentria”.
Ez da, oraingoz, itsasoa sutuko. Baina sugaia non dagoen badakite, batzuek zein besteek.