Haiti: Lurrikararen irudi gogorretatik harago, bizirik

  • Kainabera GKE-ak antolatuta, Haitiri buruzko hitzaldia eskaini zuten hilaren 6an Elorrion Xabier Madariaga EITBko kazetariak eta Irune Martinez eta Ainhoa Oceja Haiti Plataformako kideek. Beste lurrikara batzuekin alderatuta Haitikoak eragin bortitzagoak zergatik izan dituen eta lurrikara haren berri komunikabideek nola eman zuten azaldu zuten hizlariek. Jarraian irakurri dezakezuen kronika Kainaberako kideek bidali digute.


2010ko maiatzaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Haiti

Lurrikara eta gero telebistan hainbatetan ikusi genuen Xabier Madariaga kazetaria Haitiren berri ematen. Peruko eta Pakistaneko lurrikarak ere ezagutu ditu Madariagak. Hitzaldian nabarmendu duenez, “beste lurrikaretan, heldu orduko langutzaren bat antolatuta egoten zen, baina Haitin ez zegoen horrelakorik”. Kanpalekuak haitiarrek eurek antolatu zituztela gogoratu du Madariagak, eta kazetariak heldu zirenean ez zegoela ez urik ezta medikurik ere. Zergatik izan da ordea Haiti hain azpiegitura ahuleko herrialdea?

Plataforma Haitiren barruan Haitin lan egiten duten hainbat GKE batu dira, eta bertako kideak dira Irune Martinez eta Ainhoa Oceja. Historian zehar beste herrialde batzuk eten barik zigortu duten herrialdea da Haiti, eta bere historia errepasatu dute hitzaldian. Frantziak bere independentziagatik bere garaian 150.000 franko ordaintzera derrigortu zuenetik txirotuz joan da Haiti.

Komunikabideak: ezjakintasuna eta ikusgarritasuna

Haitin kazetariak segurtasun faltagaz obsesionatuta zeudela hausnartu du Xabier Madariagak: “Horri buruz informatzeko eskatzen ziguten”. Baina berak segurtasun falta hori ez zuen sumatu. Batetik bestera autoestopean joaten zela kontatu du, eta gauean paseoan ibiltzen zela, haitiarrekin berbetan. Sakeoei buruz askotan egin zen berba komunikabideetan, baina Madariagak uste du ezin zela sakeoei buruz berba egin: “Bizirautea gura zuen jendea zen”. Haitiar batzuk eskola izandakotik harri blokeak hartu eta etxe barik geratu zirenei saltzen zebiltzan bideoa erakutsi du hitzaldian. “Daukatenetik bizi irautea zen lehen une horietan eginbehar garrantzitsuena”. Batzutan, baina, inpaktuzko irudi eta albisteak eskaintzeko ahaleginek errealitatearen itxura aldatzen dute: “Momentu batzutan barbaroetaz berba egiten geunden inpresioa neukan, baina ez zen horrela. Denok egingo genuke gauza bera horrelako egoera batean”.

Komunikabideetan Haitira laguntzen joandako boluntarioak, soldaduak… agertu ziren urtarrilean. Plataforma Haitiko kideek salatu dute “biziraun duten 9 milioi haitiarrak ez direla komunikabideetan protagonista izan”. Haitiarren historia ezagutu eta 1.mundukook “salbatzaile” moduan joan barik laguntzeko betebeharra sentitu behar dugula nabarmendu dute.

Komunikabideek zer eskaini beharko ligukete horrelako kasuetan? Xabier Madariagak hausnarketarako gonbita egin die hitzaldira joandako entzuleei. “Albiste batek hiruzpalau egun irauten ditu albistegietako lehen albiste izaten. Egun batzutik aurrera audientzia aspertu egiten dela esaten da”. Azaldu du telebista kate batzuek Haiti informatiboen audientzia bajatu zelako utzi zutela. “Audientziak gura duena egiten dugula esaten dugu, baina gurea da audientzia hori hezteko erantzukizuna”. Haitiren kasuan, bidezkoena denbora pasatu eta gero bertako egoerari jarraipean egitea dela uste du Madariagak: “Zerbitzu publikoa izanda, bertara bueltatzea da komunikabideon lana, Haiti aurrera zelan doan erakusteko eta Haiti berriro ez ahazteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haiti
Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Amerikako herrialderik pobreenean haurren erdiak larrialdiko laguntza behar du

Haitiko egoera 2010etik okerrena da, 2,6 milioi haurrek laguntza behar baitute: 4,7 milioi biztanle daude gosez. Ezegonkortasun politikoak eta koleraren hedapenak eragin dute herrialdearen muturreko egoera.


Solitude ez dago bakarrik

Guadalupe (Karibe itsasoa), 1772 inguruan. Solitude izeneko esklabo mulatoa jaio zen Capesterre-Belle-Eau herrian. 1794an, Haitiko iraultza betean eta Antilletako egoera pil-pilean zela, Solitudek errebelde talde batekin egin zuen bat, Desfoneaux general frantziarraren erasoari... [+]


Eguneraketa berriak daude