argia.eus
INPRIMATU
Gu Geu Gara Alternatiba
Hainbat proiektu alternatibo aurkeztuko dituzte datozen asteetan
  • Prozesu osoan zehar ezkutuan eta etenik gabe lanean egon ostean, hilabete honetan eta udan zehar egingo dituzte publiko proiektuak.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko ekainaren 07a
Oharra:

Urte eta erdi pasa da lehen aldiz Añorgako Firestone lantegi berreskuratuan bildu ginenetik. Proiektu berri bat abiatzeko irrikak batu gintuen, prozesuari amaierarik irudikatze ezak sortzen zigun konbentzimenduak. Bagenekien bidea luzea izango zela, erritmoen gora-beherek batzuetan oztopatu eta besteetan aberastuko gintuztela, baina sinesten genuen sistema iraultzeko bide zuzena zela amesten genuena apurka-apurka eraikitzen hastea. Eta sinesten dugu.

Gure bizitzen jabe izan gaitezen, geure buruak irauli eta gure egunerokoan azalean eta gordin bizi ditugun borrokak piztu behar ditugu: lana eta prekarietatea, etxebizitza, elikadura burujabetza, jai ereduak.. Hauek eta beste hamaika esparru dira kolpatzen gaituztenak. Horregatik, boterea lapurtu behar diogu egunerokoan gure bizitzen gaineko erabakiak hartzen uzten ez digun sistemari; zapaltzen gaituenari botere espazioak irabazi. Autogestioa, Autoantolakuntza, Autonomia eta Autodefentsa oinarri, proiektu askatzaile berriak sortu behar ditugu txikitik handira.

Prozesuak aurrera egin ahala, proiektu zein alternatiben leherketa gertatuko zela aurreikusten genuen guztiok. Eta ez da nolanahikoa izan: ezkutuan eta etenik gabe, herriz herri eta auzoz auzo hausnartzen aritu gara, maila lokalera egokitzen diren proiektuak eraiki ditugu eta konplizitateak bilatu ditugu beste borroka esparru batzuekin. Hauxe izan behar da norabidea, hasi berri dugun bidea, prozesua arrakastatsu egingo duena.

Udarekin batera, Barañainen landatutako hazietako batzuen loratzea emango da. Hilabete hauetan zehar ildo ezberdinetan egindako lanari esker, isuritako izerdiari esker, hainbat proiekturen aurkezpenen atarian gaude, aurretik sortu eta etorriko direnez gain. Ereindakoaren fruituak jaso eta lanera batzeko unea dugu beraz.

Txikitik handira, bai. Maila nazionalean sortutako tresnak baliatu eta maila lokalean garatutako proiektuak hauspotzea eta alternatiba berriei bide ematea dagokigu. Sistema honi arrakalak sortzeko erantzukizuna gure gain hartu eta iraultzarako oinarriak jarriko ditugu. Soilik horrela izango gara gure bizitza sozial, politiko, ekonomiko zein kulturalaren jabe, horrela bakarrik eraikiko dugu Gazte Boterea. Etenik gabe eginez.

Eta guzti hau egin dugu eman ditugun urrats guztietan. Usurbil, Errekaleor, Karmela, Barañaingo Topaketak... Arabako Gazte Euskaltzaleen Topaketak, Donostiako Babes Sarea, Musikarien Topaketak, ... Alternatiba ezberdinak bide, Herria helburu, Gazte Boterea oinarri, komunitatea, komuna. Bide honetan aurrera egiteko hautuan berresteko unea da, sinistuz, pentsatuz, ekinez. Alternatiba gu geu garelako.

 

 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra