argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”
  • ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

    Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera. Jaurlaritzak esan du "lasaitasuna" behar duela negoziaketei berrekiteko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko apirilaren 01

Sareetan ordu gutxitan zabaldutako deiari erantzun diote hamarnaka irakasle grebalarik Gasteizen: iluntzeko 19:00etan elkartu dira astelehen arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren parean, autobus geltokiaren aldameneko belardian, sindikatuen greba-dinamikari babesa adierazi eta Hezkuntza Sailari presio egiteko. 

Bi orduko elkarretaratzea egin ostean, kanpin-dendak zabaldu eta bertan igaro dute gaua 40-50 bat lagunek. Gauerdian Gasteizko Udaltzaingoa bertaratuda, eta hamahiru kide identifikatu ditu.

Protestaldi horretan egon den Arrate Albaina irakasleak ARGIAri kontatu dionez, "onartezina" iruditzen zaie greba dinamika betean Hezkuntza Sailak negoziatu nahi ez izatea: "Aurreko astean eduki zuten azkeneko mahaia, presaz eta urgentziaz egin zena, goizaldeko ordu txikietan amaiturikoa, une horretan Hezkuntza Sailak interesa zuelako greba dinamika eteteko; baina ordutik ez dute deirik egin –bilera teknikoa bertan behera utzi dute–, eta harrigarria bezain onartezina dela deritzogu. Ezinbestekoa da mahai baten bueltan esertzea". Benetako bermeak eta akordioa eskatzen dituzte.

Horixe bera aldarrikatu dute Lakuako kanpladian, eta horixe bera aldarrikatuko dute berriz ere. Izan ere, gaurko gaua ere bertan pasatzeko asmoa dute, bart egindako asanbladan hala adostuta. Kanpin-dendak bertan utzi dituzte. "Hona iritsi gara orain arteko dinamikak funtzionatu ez duelako", adierazi dute.

"Grebak eragozten du akordio baten bilaketa"

Astelehen arratsean kaleratutako ohar batean, Hezkuntza Sailak "deitoratu" egin du sindikatuek aste honetarako aurreikusitako greba-egunak bertan behera utzi ez izana. Sailaren esanetan, "horrek negoziazio-mahaiari berriro ekitea eta akordio baten bilaketan aurrera egitea eragozten du".

Negoziaketetan aurrera egiteko "konfiantza eta egonkortasun-esparru bat behar da", Jaurlaritzak azpimarratu duenez. "Adostasuna eta elkarrizketa lortu" nahi dituela adierazi du, "elkarrizketa lehenesteko greba-deialdiaren aurretik".

Astearte goizean, Jaurlaritzaren bozeramaileak prentsaurrean esan du ez gaudela "konflikto laboral baten aurrean, baizik eta beste kontu batzuk" daudela aurretik, hala nola "ikasleak, familiak, eman beharreko zerbitzu publikoak". Berretsi du Maria Ubarretxena sailburuak negoziaketa ez dagoela etena: "Zabalik dago Jaurlaritzaren atea, baina behar dugu lasaitasuna; Hezkuntza Sailak erabaki du mobilizazioak amaitu arte ez berrartzea negoziaketak".