argia.eus
INPRIMATU
Hainbat ibai erreserba natural izendatzea eskatu du Zadorra Bizirikek
  • Babes mota hori gizakiaren esku-hartzerik izan ez duen edo oso eskasa duen ibai-tarteak babesteko erabiltzen da.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2021eko irailaren 01a
Puron ibaiaren haitzartea Arabako mendebaldeko muturrean dago. E.U.

Zadorra Bizirikek adierazi duenez, Arabako ibai askoren egungo egoera ikusita, "beharrezkoa" da lurraldean erreserba natural berriak izendatzea, "horiek modu eraginkorrean babestu ahal izateko". Gaur egun, bi ibai-erreserba natural baino ez daude lurraldean: Santa Engrazia ibaia, jaiotzen denetik Urrunagako urtegiaren isatseraino; eta Altube ibaiaren goi-ibarra. Babes mota hori gizakiaren esku-hartzerik izan ez duen edo oso eskasa duen ibai-tarteak babesteko erabiltzen da.

Horregatik, onartzeke dagoen Ebroko Arroaren Plan Hidrologiko berrian (2021-2027) hainbat ibai-tarte sartzeko eskaera egin du talde ekologistak: Puron ibaia, iturburutik Ebro ibaian isurtzen den arte; Omecilllo ibaia, iturburutik Tumecillo ibairaino –Nograro ibaia barne –; Baia ibaia, iturburutik Sarriako zubi zuriraino; Ihuda ibaia, iturburutik Molinar ibairaino; eta Ega ibaiaren hainbat zati, Sabando, Izki, Igoroin, Berrozi eta Istora ibaiak barne.

Zadorra Bizirik, Ekologistan Martxan kolektiboarekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA) batera aritu da lanean, izendapen berriak kontuan hartzeko, baina orain arte ez dute  lortu. Plan Hidrologikoa berrikusteko parte-hartze prozesua irekita dagoenez, Zadorra Bizirikek Araban kokatutako ibai-tarte horiek izendatzeko proposamena egin du berriro, horien "egoera naturala zaintzeko edo, gutxienez, ez hondatzeko".