argia.eus
INPRIMATU
10 hildako Istanbulgo gune turistiko batean izandako leherketaren ondorioz
  • Leherketa batek 10 hildako eta 15 zauritu eragin ditu astearte goizean Istanbulen, Turkian. Oso turistikoa den hiriaren erdigunean gertatu da atentatua.

ARGIA @argia 2016ko urtarrilaren 12a
Poliziako agenteak Sultanahmet gunea babesten, Istanbulen. (Arg: Lefteris Pitarakis/AP)

Leherketa goizeko 10:00etan izan da, Mezkita Urdinetik gertu, hiriko Sultanahmet auzo historikoan. Hasieran ez zegoen argi zerk eragin duen leherketa, baina Recep Tayyip Turkiako lehendakariaren susmoen arabera, Siriako gizon baten atentatu suizida izan da. Hildako gehienak alemaniarrak dira eta turkiar turismo gidaria bat ere hil da erasoan.Turkiako Gobernuko lehen ministro Ahmet Davutoglu zehatzagoa izan da geroago eta atentatua Estatu Islamikoaren ekintza dela baietsi du.

Iaz ere gisa honetako beste hiru eraso handi gertatu ziren. Ekainaren 5ean HDP alderdiaren mitin batean suizida batek gainean zeraman lehergailua estandarazi zuen eta lau pertsona hil. Uztailaren 20an, halaber, Turkiako ezkerrak Suruç herrian Siriako kurduen alde antolatutako bilkura batean, beste suizida batek 33 pertsona hil zituen. Urriaren 10ean ustez Estatu Islamikoko kideak ziren beste bi pertsonek soinean zeramatzaten lehergailuek 100dik gora pertsona hil zituzten Ankaran, Turkiako hiriburuan.