argia.eus
INPRIMATU
Hainbat herritarrek Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataforma sortu du
  • “Hilen oroitarria eraisteko herri ekimena” du izena herri mugimenduak eta 120tik gora lagunek sinatu dute aldarrikapena.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 25
Iruñeko Erorien Monumentua. Argazkia: Wikipedia.

Hiru arrazoi eman dituzte Erorien Monumentua eraisteko. Lehenbizi, uste dute badirela arrazoi demokratikoak. Sinatzaileen ustez, hileta panteoia altxamendu armatu basatiaren eta genozidioaren bi buruzagi nagusiak goresteko diseinatu eta eraiki zen. Haien iritziz, inolako demokraziak ez luke halakorik eraikiko eta inolako demokraziak ez du zutik izan behar halakorik.

Bigarrenik, arrazoi legalak argudiatu dituzte. Memoria Historikoaren legearen arabera, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta diktaduraren gorespena saihestu behar da.

Hirugarrenik, hirigintza eta arkitektura arrazoiak eman dituzte ekimenaren bultzatzaileek. Haien iritziz, eraikina hileta monumentu gisa erabiltzeko dago diseinatuta, bestelako erabilerarik ez izateko moduan.

120tik gora sinatzaileen artean kultura eta kirol arloko jendea dago, baita alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariak ere. Badira historialariak, unibertsitateko irakasleak eta 1936ko Gerraren eta diktaduraren biktimen senideak ere.

Hemen sinatzaileetako batzuk:

Nerea Urbizu, Amaia Remirez, Montxo Armendariz, Pepe Viyuela, El Drogas, Kutxi Romero, Begoña Alfaro, Raul de la Fuente, Fermin Valentzia, Jokin de Carlos, Roldan Jimeno,  Maite Mene, Fatima Frutos, Asun Abad, Iñaki Alforja, Abel Azcona, Koldo Amezketa, Marisa de Simón, Joseba Eceolaza, Jokin Elarre, José Luis Elduayen, Juan Mari Feliu, Juantxo Goien, Julia Itoiz, Josefina Lamberto, Javier Pagola, Laura Pérez eta José Luis Úriz.