Agerraldia egin dute asteazken arratsaldean, Bilbon, eta "Euskal Herriko gazte langileei" dei egin diete gaztetxeetara hurbiltzera, antolatzera, eta "horien alde borroka egitera". Polizia "gazte langileen aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea" dela azaldu dute, eta gaztetxeen arteko harremanak estutu, saretu eta indartu behar direla aldarrikatu dute. Errekaldeko Etxarri II gaztetxearen desalojoa aipatu dute bortizkeria polizialaren adibide gisa.
Honako gaztetxe eta gazte asanbladek egin dute agerraldia asteazken arratsaldean, Bilbon: Gernikako Gaztetxea, Etxarri II Gaztetxea (Bilbo), Kaletik Gaztetxera (Durango), Burlatako Gaztetxea, Matrailu Gaztetxea (Zornotza) eta Kiñu Gaztetxea (Igorre). Besteak beste, "gaztetxeak defendatzeagatik jasandako kriminalizazio eta errepresio polizia" salatu dute, eta horren adibide gisa Errekaldeko (Bilbo) Etxarri II gaztetxearen hustea aipatu dute: apirilaren 4an desalojatu zuten, aurreko egunean ertzainek han bildutakoen kontra egin ondoren. Guztira, lau pertsona atxilotu, dozenaka zauritu eta jaurtigai baten ondorioz gizon batek barrabila galtzea eragin zituzten manifestarien eta Ertzaintzaren arteko istiluek.
Euren ustez, aipatutako gertakari horietan "argi" geratu da polizia "gazte langileen aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea" dela, "gazte langileen antolakuntzaren eta gaztetxeen aurka biolentziaz eta inpunitate osoz" jarduten duena. Horren harira, elkartasun osoa adierazi diete Poliziaren errepresioa jasan duten gazte guztiei, eta "gaztetxeen defentsan" kaleak hartzeko deia luzatu dute. Errekaldeko gaztetxearekin batera, Euskal Herriko beste hainbat espazioren kasuak ere azaldu dituzte: esaterako, desalojo arriskuan dauden Kiñu eta Matrailu gaztetxeak edota apirilaren 1ean desalojatu zuten Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea zentro soziala.
Era berean, aldarrikatu dute Burlatako Gaztetxearen auziak erakutsi zuela "borrokak merezi duela". Izan ere, hiruzpalau hilabetez gaztetxearen etorkizunaz ohartarazten igaro ondoren, bi gazte udaletxean kateatu ziren martxoaren 17an. Bertan igaro zuten gaua, eta Burlatako Gazte Asanbladak salatu zuen udalak ez zuela borondaterik "proiektuari benetako alternatiba bat emateko". Azkenean, ordea, martxoaren 31n herrian eginiko manifestazio jendetsu baten amaieran iragarri zuten udalarekin akordio batera iritsi zirela gaztetxearekin jarraitzeko.
Gaztetxeen beharrezkotasuna eta gaurkotasuna
Agerraldian adierazi dute "edonork" dakiela gizartea "krisi kapitalista" betean dagoela. Horren adierazle diren hainbat adibide aipatu dituzte, hala nola gazteen langabezia, lan baldintza prekarioak eta azkenaldian zabaltzen ari diren joera faxistak eta ideia arrazista eta matxistak. Gaztetxeak "testuinguru erreakzionario" horri aurre egiteko baliabide bat direla azaldu dute: "Balio aurrerakoietan oinarritzen diren gazte langileon guneak dira gaztetxeak, eta Euskal Herriko gazte langile askorentzako eskola politikoak eta kulturalak dira".
Horregatik, "erasotzaile matxistak, arrazistak, talde faxistako pertsonak eta antzekoak" gaztetxeetan ez direla ongi etorriak adierazi dute, eta argi utzi dute gaztetxeetako kideek "irmo borrokatuko" dutela "inposatu nahi" dizkieten ideia erreakzionarioen aurka.
Gaztetxeen aldeko mezua zabaldu dute
Gaztetxeen aurkako errepresioan instituzioek jokatzen duten papera ere salatu dute: euren ustez, batzuk "zuzenean gaztetxeak indarraren bitartez ezabatzearen alde" daude, beste batzuk, aldiz, "soilik beraien interes elektoraletako balio dieten gazte proiektuak" nahi dituzte. Azkenik, agerraldiaren bitartez gaztetxeen aldeko mezua zabaldu nahi izan dute, eta dei egin diete Euskal Herriko gazte langileei gaztetxeetara hurbiltzera, antolatzera eta horien alde borrokatzera.