argia.eus
INPRIMATU
Hainbat film euskaraz eta online ikusteko aukera eskainiko die ikasleei Tinko elkarteak
  • Hego Euskal Herriko ikasleei zuzenduta dagoen Euskara Zine Aretoetara ekimena eten egin da pandemiaren ondorioz eta martxotik ikasturte amaierara aurreikusita zeuden film emanaldiak bertan behera geratu dira. Konponbidea aurkitu dio Tinko Euskara Elkarteak: Harri Zopa, Alfonbra Magikoa, Loreak eta beste hainbat pelikula irakasle eta ikasleen eskura jarriko ditu interneten.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 23a

Ikastetxeei zuzendutako ekimena da Etxean Tinko: e-posta bidez, zortzi film eskainiko zaizkie Hego Euskal Herriko eskolei eta izena ematen dutenek pasahitz bidez ikusi ahal izango dituzte filmak, elkartearen webgunean bertan. Asmoa da irakasleek ikasleei bidaltzea online dauden pelikula hauen loturak, etxean ikus ditzaten.

Haur Hezkuntzatik DBHra

Haur Hezkuntzan pentsatuz, Harri Zopa eta Pim & Pom filmak dituzte; Lehen Hezkuntzako haurrengan pentsatuz, Yugo & Lala, Alfonbra Magikoa, Oker eta Gazte Harrigarria; eta DBHko gazteentzat, Loreak eta Just Charlie (ingelesez, euskarazko azpidatziekin). Euskara Zine Aretoetara programaren ohiko material didaktikoa ere helaraziko zaie. Kasu honetan, PDF bidez jasoko dituzte ikas-gidak.

EAEko ikastetxeek maiatzaren 5 arte dute izena emateko aukera (eta maiatzaren 11tik ekainaren 5era filmak ikustekoa) eta Nafarroakoek berriz, maiatzaren 12ra arte eman dezakete izena (eta maiatzaren 18tik ekainaren 12ra arte ikusi ahal izango dituzte lanak).

Duela 26 urte jaio zen Tinko Euskara Elkartea eta hasieratik helburu nagusi bat izan du: Euskal Herriko haurrek filmak euskaraz ikustea.