argia.eus
INPRIMATU
Hainbat ekintzaile nafar polizia-etxera deituak, Vueltako protesten harira
  • Atxilotuek uko egin diote polizia-etxera joateari. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta BDZ Nafarroak babesa adierazi diete ikertutako pertsonei eta mobilizazioak iragarri dituzte atxiloketak gertatzen badira.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko urriaren 09a

Nafarroako zenbait ekintzailek Foruzaingoaren deia jaso dute, Espainiako Itzulian Israelen parte hartzea salatzen zuten mobilizazioen harira. Atxilotuek uko egin diote polizia-etxera joateari, "ezkutuko atxiloketa ezkutuaren jokoan ez sartzeko". Horrek, zitatuen kontrako atxiloketak eta ondorengo prozesu judizialak ekar ditzake.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak "erabateko elkartasuna eta babesa" adierazi die ikertutako pertsonei, baita BDZ Nafarroa kolektiboak ere. Horrez gain, atxiloketak edo zitazioak ugarituz gero, protesta mobilizazioak deituko dituela iragarri du Palestinarekin Elkartasunak, eta protestengatik zigor ekonomikoak jaso dituzten pertsonei dei egin die plataformarekin harremanetan jarri eta isunen aurrean erantzun kolektibo bat koordinatzeko.

Ekintzaileek ohar propioa kaleratu dute protestaren "kriminalizazioa" salatzeko, eta "desobedientzia zibilaren" defentsa egiteko. Argitaratu duten oharrean azaldu dutenez, "edozein unetan atxilotu eta epaituak izan gintezke, erregimen sionistarekiko konplizitate instituzionala egunetik egunera nabarmenagoa eta lotsagarriagoa den testuinguru batean".

Salatuek "hipokritatzat" jo dute Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta "moral bikoitza" izatea egotzi diote, polizia-jarduera horiek baimentzeagatik. Bereziki, Maria Chivite presidentearen jarrera gaitzetsi dute: "Ezin da kufiya batekin argazkian pausatu, palestinarren genozidioaren aurkako protesta kriminalizatzen den bitartean".

Aktibistek irekitako auziak berehala artxibatzea eskatu dute, eta boikota "betebehar politiko eta etikoa" dela babestu. Horrekin batera, Israel Premier Tech taldearen izen eta jabe aldaketa "herri mobilizazioaren lorpena" dela goraipatu dute. Oharraren bukaeran argi mintzatu dira polizia-etxera deitutako ekintzaileak: "Ez dugu onartuko pertsona bakar bat ere jazartzea Israelgo Estatua salatzeagatik. Ez dugu onartzen ez epaiketarik, ez isunik, ez inolako errepresiorik elkartasunez eta justiziaz jokatzen dutenen aurka. Ez dugu atzerapausorik emango ".