Maiatzaren 26an ekonomia sozial eraldatzailearen Olatukoop sareak Mundu Berri Bat jardunaldiak egingo ditu internetez (hemen ikusentzun ahal izango dira). Hiru mahai-ingurutan burujabetzak landuko dituzte: "Azkenaldian burujabetzen bidean proiektu eta ekimen ugari sortzen ari direla ikusita, burujabetza ezberdinen arteko intersekzio edo gurutzaketak arakatu nahi ditugu", azaldu du Olatukoopek.
Olatukoopek adierazi du "burujabetzen aldeko estrategiak gurutzatuak izan behar dutela", aldaketa sistemikoak eragiteko. Horregatik, bizitza garatzen den hiru esferatan banatu dituzte maiatzaren 26an egingo dituzten jardunaldien mahai-inguruak: Baliabideak sortzeko prozesuak batetik (elikadura, energia, tekonologia sistemak besteak beste); prozesu horietan garatzen diren harremanak bestetik (produktiboak zein erreproduktiboak) eta harreman zein baliabideak sortzen diren espazioak eta horien antolaketa azkenik.
Hona hemen mahai-inguruen bideoak:
10:00etan ongi-etorria eta sarrera orokorra egingo du Beñat Irasuegik
10:15-11:45 Bizigaiak. Baliabideak sortzen ditugu, baliabideek sortzen gaituzte mahai-ingurua: Mirene Begiristain, Oihana Lorea, Gorka Julio
12:00-13:30 Bizikidetzak. Harremanak sortzen ditugu, harremanek sortzen gaituzte mahai-ingurua: Enara Iruretagoiena, Marina Sagastizabal eta Araitz Rodriguez
15:30-17:00 Bizilekuak. Espazioak sortzen ditugu, espazioek sortzen gaituzte mahai-ingurua: Beñat Etxebeste, Iñaki Etxebeste eta Ana Almandoz