Hagako taldeak deituta 30 estatu bildu dira bi egunez Kolonbian, eta horietako hamabik sei neurri sinatu dituzte "Israelen Palestinako kolonizazio ilegala" gelditzeko. Horietako bat, Tel Avivekin duten kontratu publiko oro berrikustea, okupazioan eraginik duen ala ez jakiteko. Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatoreak adierazi du Palestinak "iraultza" piztu duela, eta gailurrean izan diren herrialdeak horren parte direla.
Hagako taldeak deitutako –Boliviak, Hegoafrikak, Hondurasek, Kolonbiak, Kubak, Malaysiak, Namibiak eta Senegalek osatzen dute– gailurraren xedea Israel Gazan egiten ari den genozidioaren eta Zisjordanian aurrera eramaten ari den kolonizazioaren aurka erabakiak hartzea izan da, eta bide horretan sei neurri adostu dituzte hamabi estatuk: nagusiena, Israelera armarik ez bidaltzea. Horrez gain, Israelek urraturiko nazioarteko legeak epaitzeko, "estatuak eta nazioarteko auzitegiak babestea" ere hitzartu dute.
Hauek dira sei neurriak "berehala" ezartzea sinatu duten herrialdeak: Bolivia, Kolonbia, Kuba, Indonesia, Irak, Libia, Malasia, Namibia, Nikaragua, Saint Vincent eta Grenadinak, Oman eta Hego Afrika. Kolonbiako hiriburuan 30 herrialde bildu dira, hortaz, gehiengoak ez du sinatu goi bileraren amaieran Israelen Palestinako okupazioaren aurka iragarritako neurriak. Halere, gailurraren ondoren argitaratu duten oharrean, Hagako Taldeak adierazi du itxaropentsu dagoela oraindik sinatu ez duten estatuek hala egingo dutela: "Mundu osoko hiriburuekin hitz egiten ari gara".
Aipatutako sei neurrietara batzeko epea irailaren 20an amaituko dela jakinarazi du taldeak, hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusia abiatuko denean. Izan ere, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legea urratzen dutela ebatzi zuen, eta NBEren erakunde horretako kide diren herrialdeei irailaren egun horretara arteko epea eman zien horren aurka neurriak har zitzaten. Kolonbia eta Hego afrikak sortu zuten Hagako Taldea urtarrilaren amaieran, eta eurek gidatu dute goi bilera. Aljeria, Txina, Espainia, Palestina, Irlanda eta Portugaleko ordezkariak ere izan dira Bogotan.
"Palestinak iraultza hasi du"
NBEko hainbat kargu ere izan dira Kolonbiako hiriburuan: esaterako, Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusia eta Francesca Albanese Palestinar Lurraldeentzako NBEren errelatorea. Azken horrek goi bileran hitza hartu du: "Palestinak iraultza hasi du, eta zuek [Bogotan izan diren herrialdeak] horren parte zarete". Gainera, Albanesek zoriondu egin ditu gailurrean adostutako sei neurriak sinatu dituzten estatuak, egin duten "aurrerapauso garrantzitsuagatik".
Albanesek denbora darama NBEko kargu horretatik Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen, eta uztailaren 3an argitaratutako azken txostenean genozidio horren atzean dauden multinazionalen interes ekonomikoak ere jarri ditu luparen azpian. Txosten hori argitaratu eta egun gutxira, AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok jakinarazi zuen Albaneseren aurkako zigorrak ezarri dituztela AEBek, Donald Trump presidenteak sinaturiko dekretu baten bidez. Hala, herrialde horretan dituen ondasunak eta aktiboak blokeatu dizkiote, ezin ditu diru-eragiketak egin, eta seguruenik ezin izango du hara bidaiatu.