argia.eus
INPRIMATU
Guztirako prest bazaude ez zaude ezertarako prest
Ainhoa Olaso Sopelana 2025eko urriaren 29a

Network (Sarea)

Sidney Lumet (1976)

Zer: Filma

Herrialdea: AEBak

Iraupena: 121 minutu

Non ikusi: Filmin, Mubi, Amazon Prime eta Apple tv

--------------------------------------------------------------------

Gertatzen zait alferkeria moduko bat sentitzea film zaharrekiko. Esfortzu gehigarri bat behar izaten da batzuetan, pazientzia pixka bat testura eta aktore beteranoetara ohitzeko. Zaila da azaltzen, baina badago beste edertasun bat haien aurpegietan, barre egiteko beste modu bat, esplizituagoa-edo. Baina denetik zurrupatzeko anbizio urduriegitik, patxada instalatzeko estrategiak bilatzen ditugu: zinemateketako programazioetan edo koartada erromantikoak antolatuta lagunen etxeetan.

Demagun igandea kolektiboki trantsitatzeko ohitura ederrean, P.-k 1970eko hamarkadako pelikularik onenen karpeta irekitzeko kitzikatu gintuela. Eta telebista kritikatzearena pixka bat vintage geratu zaigun arren, komunikabideen boterearen kontakizun sarkastikoa egiten duen filma hasi genuela halako batean: Network. Ez da manifestu zinematografiko bat, baina bestelako konjugazioetarako aukera ematen duela esango nuke. 

Hau Howard Bealen istorioa da, UBS kanal nazionaleko albistegietan egon den kontalari onenetarikoa”, dio narratzailearen ahotsak. Depresioan murgildutako gizon ileurdina aurkeztuko zaigu, ordea. Audientziaren datu eskasen ondorioz kaleratzera doazela jakinda, zuzeneko programa batean bere buruaz beste egingo duela ohartarazten du fokuen aurrean. Promesa suizida horrek audientzia eta telebista kanaleko nagusiak aztoratuko ditu. 

Arreta bereganatzeko Bealen gaitasunaz jabetuta, audientzia datuen aparrari heldu nahian azalduko da Diana Christensen. “Zirkulu inperialistetako arrazista zital” bezala aurkezten den pertsonaiak edukia espektakularizatzea lortuko du. Eskandaluaren alde: noraezaren klima hauspotuko duen profeta prefabrikatuarekin edota Black Panttersekin –imitazio hipokrita bat–  adostutako “Mao Tse Tungen ordua” programatuta. 

Honela jarraitzen du: rap abesti baten introan sartzeko moduko bakarrizketa predikatzaile batzuk, femme fatalaren trama exajeratutxo bat eta zinismoari estuki lotutako askotariko lider politikoak. 

Christine Chubbuk kazetariaren kasuan oinarrituta dago istorioa. Egunerokotasuna lausotu eta sentsazionalismorantz biratutako linea editorialarekin haserre, depresioak jota, zuzeneko albistegietan errebolberra atera eta bere buruaz beste egin zuen gazteak.

Aspaldi da eskandalura ohitu ginela, baina munduak jasanezina izaten jarraitzen du. Eskerrak Lisabören jarri eta edertasuna bilatzeko estrategiak antolatzen ditugun.