argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez zortzi irakasle hil ditu Mexikoko poliziak, hezkuntza erreformaren aurkako protestan
  • Agenteek tiro egin dute manifestariak sakabanatzeko, 45 lagun balaz zaurituz. 22 desagertu eta ehunka zauritu daude, Isabel Infantek Mexikotik adierazi duenez.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 22a
Asfaltoaren gainean eta barrikaden atzean, irakasle eta ikasleek tiroak eta gas negar eragilea jaso zituzten poliziaren partetik.

Irakasleen eta poliziaren arteko liskarrek zortzi hildako utzi dituzte Mexikon. Gobernuaren hezkuntza erreformagatik protestan ari zirela, irakasleen sindikatuko buruak atxilotu zituzten, eta haien kaleratzea eskatzeko mobilizazioetan hil dituzte. Isabel Infantek kontatu du La Directan, Oaxaca bertatik.

Irakasle eta ikasleak elkar hartuta aritu dira protestan. Hala, Oaxacako Nochixtlán hiriko sarrerak blokeatu zituzten igandean. Hezkuntza Langileen Koordinakunde Nazionalak adierazi duenez, ekintzari “erantzun desproportzionatua” eman zion poliziak, eta tiroz hil ditu protestariak. Manifestariak sakabanatzeko negargura eragiteko gasa erabili izana ere salatu dute.

Hildakoez gain, 22 pertsona daude desagertuta. Mobilizazioetan zauritutako ehunka lagunei ez diete utzi ospitaleetara joaten, eta kalean artatzeko postu solidarioak ezarri dituzte herritarrek. Poliziak hauei ere eraso egin diela salatu dute.

Hilketak arbuiatzeko, milaka lagun bildu zituen manifestazioa egin zuten astelehenean Oaxacan. Datozen egunetan Mexiko Hirian egingo dituzte; Guerreron, Michoacanen eta Chiapasen ere mobilizazioak espero dira.