argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez hiru pertsona hil eta 350 zauritu ditu Marokoko Poliziak protestetan
  • 400 lagun baino gehiago atxilotu dituzte zerbitzu publikoen hobetzea eta krisi ekonomikoa gainditzea eskatzeko mobilizazioetan. Astebete daramate protestetan, batez ere Rabat hiriburuan.

Maria Ortega Zubiate 2025eko urriaren 03a

“Ez dugu Munduko Koparik nahi, osasuna lehentasuna da” entzuten da Marokoko kaleetan. Pasa den larunbataz geroztik, protestak zabaldu dira herrialde osora, baina Rabatek hartu du nagusitasuna; osasun eta hezkuntza publikoa indartzearen aldeko protestak dira, herrialdera helduko den Munduko Futbol Kopa eta Afrikako Futbol Koparen aurrean. Larunbatetik hona, Poliziarekin liskarrak izan dira, eta ostegunean hiru hildako baieztatu dituzte, hiruak Agadirren: horietatik bi Poliziarekin izandako istiluetan hil dira, Poliziaren eraikin batera sartu nahian ari zirela, bertako armak hartzeko; hirugarrenaren daturik ez dute eman. Horiez gain, 350 zauritu eta 400 atxilotu baino gehiago daude, momentuz.

Marokoko Barne Ministerioak asteazkenean adierazi du protestarako eskubidea errespetatuko duela, betiere, "legearen markoaren barruan", baina, adibidez, hedabide ugaritan zabaldu dute Polizia manifestariei oldartu zaiela hedabideei adierazpenak emate hutsagatik.

Marokoko Z belaunaldiak gidatutako protestak dira, bi kolektibo anonimok hartu dute protesten gidaritza (GenZ212 eta Morocco Youth Voice), eta sare sozialen bidez zabaldu dute protestarako deia. Beren herrian etorkizun duina izatearen aldeko protestak dira, izan ere, ia Marokoko gazteen erdia langabezian dago, eta horrek aukera bakarrera daramatza: migratzera. Gazteen %55ak onartu du herrialdetik alde egitea otu izan zaiola. Horregatik hala diote: "Futbol zelaiak hemen daude, baina non daude ospitaleak?".

Izan ere, aipatutako bi futbol lehiaketen harira, hasiak dira obrak egiten. Rabaten bi estadio eta zenbait hotel eraikitzeko lanak martxan daude. Manifestariek Marokoko Gobernuari leporatzen diote osasungintza eta hezkuntzarako inbertsiorik egiteko “gaitasunik” ez duela esan eta aldi berean futbol txapelketa horietan dirutzak ordaintzeko prest egotea. Osteguneko hilketak eta gero, Aziz Ajanuch lehen ministroak adierazi du gobernua prest dagoela elkarrizketa bideratzeko, “erakundeetatik eta espazio publikoetan”. Baina manifestariek Ajanuchen dimisioa eskatu dute.