Graz hiriko eskola batean gertatu da tiroketa, Austria hegoaldean. Hiriko alkate Elke Kahrren arabera, hildako gehienak ikasleak dira. Gutxienez 30 lagun eraman dituzte ospitalera, eta horietatik lau egoera larrian daude.
Gutxienez hamar pertsona hil dira Austriako Graz hiriko eskola batean astearte goizean izandako tiroketan. Austriako bigarren hiri populatuena da Graz, Estiria estatuko hiriburua. Hiri horretako alkate Elke Kahrrek eman dio hildakoen kopurua APA Austriako berri agentziari. Kahreek adierazi du hildako gehienak ikasleak direla, eta zaurituen artean irakasleak ere badaudela. Kronen hedabideak jakinarazi du gutxienez 30 lagun eraman dituztela ospitalera, eta horietatik lau egoera larrian daudela.
Tiroketaren egilearen inguruan hainbat informazio argitaratu dituzte Austriako hedabideak: Salzburger Nachrichten egunkariaren arabera, egilea 22 urteko ikasle ohi bat da; Kronenekk, berriz, argitaratu du egilea eskola jazarpena jasaten zuen ikasle bat dela. Soilik gauza bat dago argi: egileak bere kabuz egin duela tiroketa. Poliziak bere sare sozialetan jakinarazi du eskola ebakuatu dutela jada, eta "egoera segurua" dela.
Tiroketa goizeko 10:00ak inguru zirela gertatu da, eta Estiriako Poliziaren buru den Fritz Grundnigek adierazi dio uste dutela ORF Austriako hedabide nazionalari haren egileak bere buruaz beste egin duela. Herrialdeko kantziller Christian Stockerrek tiroketa "tragedia nazional" gisa izendatu du ohar batean, eta Grazera bertaratu da Barne ministro Gerhard Karnerrekin eta Hezkuntza ministro Christoph Wiederkehrrekin batera.